Gaizka IZAGIRRE
HERNANI
LOS AITAS

Komedia dramatiko arina eta ikuserraza

Premisa erakargarri batetik tiraz, Borja Cobeagak hunkitzea eta barrea eragitea helburu duen road movie nahiko interesgarria eraiki du.

Interesgarria da trama nagusitik loratzen den mezu nagusiak indarra duelako: belaunaldien arteko aitatasun ereduen aldaketa eta seme edota alaba izatea zer den. Formatu fisikoaren aldeko aldarrikapena ere ageri da; VHS edota argazkiei egiten zaizkien aipamenak oso presente daude. Bistakoa da bihotzetik irtendako kontakizuna dela, zintzotasunez idatzitakoa eta egilearen erreferentzia autobiografikoz josita dagoela; hori txalotu beharra dago.

Gidoilari fina da Cobeaga, eta elkarrizketetan topatzen dira bere abileziaren distirak. Ulertzen dut, beraz, neurri batean, bere film guztien hizkuntza gaztelania izatea, baina zergatik du presentzia gehiago “Los aitas” filmean alemanak euskarak baino? Ulertzen dut Laura Weissmahr-en pertsonaia garrantzitsua dela traman eta bere garapenean hizkuntzak pisua duela. Baita Alemania ere gakoa dela, hori baita pertsonaien helmuga nagusia. Baina nagusiki Bilbon girotzen den eta bertako hainbat familia protagonista dituen kontakizun batean euskarak ez al luke presentzia bera izan behar? Tira, maila berean jarriko ez balitu ere, zer dakit, lauzpabost esaldi behintzat, kolorea eta sinesgarritasuna emateko. Betiko “kaixo”, “oso ondo” eta “agur” horiek salbu, euskararen arrastorik ez da ageri. Honelako ezaugarriak dituzten ekoizpenetan, euskara beti galtzaile.

Erraz eta gustura ikusten den filma da, baina, asmo onetatik harago, ez dut askoz gehiago topatu. Komedia dramatiko oso arina da; arlo emozionalak nahiko ongi funtzionatzen duen arren, umoreak indar gutxi du.