Esrtibalitz EZKERRA
Literatura kritikaria

Lurra (III)

Renon ikasle izan nuen paiute emakume gazte bati egindako elkarrizketa zekarren tokiko aldizkari batek duela bizpahiru urte, ikasle ohiari hainbat sari irabazarazi dizkion arrantza teknikaren harira. Elkarrizketan ikasle ohiak azaltzen zuen bere jendeak belaunaldiz belaunaldi jarraituriko arrantza eredua baino ez dela berea, lakua (Pyramid) eta bertan bizi diren izakien errespetuan oinarritzen dena. Ura eta arrainak bizitzeko beharrezkoak ez, ura eta arrainak bizitza bera dira paiuteentzat; beren senitartekoak dira lurra bera eta bertan bizi diren izaki zein landareak bezala. Ura, arrainak, lurra, landareak... bizirik daude eta beren behar eta nahiak dituzte, gizakiek dituzten behar eta nahiez aparte. Izaki bizi hauen guztien arteko harreman sareari eustea ezinbestekoa da. Hortik paiuteek eta Turtle Islanden bizi diren gainerako komunitate indigenek elkarren zaintzaren bidez ulertzea lurrarekiko (zein gainerako izakiekiko) lotura. Ikuspuntu antropozentriko batetik, ingurumena baliabide moduan ulertu eta, ondorioz, haren erauzketa zein ustiaketa bultzatzen dituen jabetza sistema zaintza kontzeptua arrotza zaio, jakina. Baina elkarren zaintzara itzultzea da, hain zuzen, lurra bueltan mugimenduaren oinarrietako bat, kolonialismoak lagundu eta zabaldutako kapitalismo basatiak eragindako kalteei aurre egiteko.