Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Olioa soberan, oiloa faltan!

Iluntze aldera egunekoari errepasoa egitean, gero eta zailagoa zait eguneko balantzea osatzea. Dudan egoten naiz ea buruan dauzkadan pasadizoak benetan gertatuak ala ameskeria hutsa diren. Horra, ez dakit nongo klaratarrak komentutik desjabetzera behartuak izan eta motozerra eskuan kanpandorrera igo izana zinez gertatua da ala albiste faltsuak sortzen ari natzaio buruari? Zinezkoa balitz, kolpea gero! «Des-Jahve-tza» litzateke! Amen!

Eta Gorenarena? Egia al da baliogabetu egin duela ikasketa tituluak homologatzeko Eusko Alderdi Jaurlaritzak ei zeukan transferentzia? Eskumenen desjabetzea! Hemen balioan jarri aurretik han baliogabetu! Argi dago, egia balitz, hangoa Gorena dela, eta hemengoa Beherena. Kontuak atera! Eta Kutxabankeko buru horrena ere zinezkoa ote? Badaezpada, hitzordua eskatu dezala Osakidetzan, edo Larrialdietara jo zuzenean. Ama! Hainbeste talentu eta talentu-orde kanpotik ekarri aurretik ez al litzaieke talentua eskatu behar berton bertokoei? Titulua ezin homologatuta ere, baina talentua eskatu, demonio! Euskaraz eskatu ere, demontre! A! Eta ez dezagun ahaztu planetako munduak noraezeko nahasi honetara ekarri dituzten denak, guztiak, direla talentudun! Beraz, hoztu dezagun kontzeptua! Armatu gaitezen kontzeptu berriez, nolabait armatzekotan! Azken batez, batzuen buruan defentsa beharrezkoa izanda ere, ez da nahikoa, defentsak ofentsa behar du; eta armak tiro! Pum! «Burtsa ala hil?», esaten ziguten lehen, «Burtsa eta hil!», orain, burtsa-indizeetatik.

«Ezkio ala hil?», ere entzuten da gertutik. Tira! Euskaltegira sartu aurreko nire erdaraldian lagunen artean esaten genuen «manda huevos» haren esangura ulertu dut azkenean! Arrautzak bidali! AEBetara, arrautzen faltan ei baitira. Kolpea gero; petrolioa soberan, oiloa faltan! Errule gutxi han, errudun asko!