«Urratsak azkartzeko» erronkari heldu dio Sarek bere X. batzarrean
Hamargarren batzarra egin zuen Sarek atzo, Hernanin. Azken urteotako aurrerapenen bidetik, «etxeko lanen zati handi bat egina» dela uste du, baina orain egoera baliatu eta «urratsak azkartzeko» deia egiten du. Auzitegi Nazionalari ez ezik, Lakuako Gobernuari ere dei egin dio, Legebiltzarrak onetsitakoa gauza dezan. «Puzzlea osatu arte» ekimena burutuko du maiatzean.

Pasa den urtarrilaren 11n Bilbon eginiko manifestazioaren arrakastak goxoago egin du Sareren X. batzar hau, atzo Hernanin gauzatua. Baina batez ere azken urteotako aurrerapen txikiek eta handiek eragiten dute poza. 2014. urtean sortu ondoren, lehenengo garaiak ez ziren samurrak izan, baina «hamargarren batzarrera etxeko lanen zati handi bat eginda heldu gara», baloratu zuen Joseba Azkarragak bere hitzaldian.
Orain bide horretan sakontzea da gakoa. «Pentsatu beharko dugu nola heldu espetxeen auziko azken fasea izan behar duenari, eta horrekin batera, gure herrian jasandako indarkerien biktima guztientzako tratamendu duina eta begirunezkoa ekarriko duen akordio bat lortzeko beharra dago», nabarmendu zuen Bego Atxarekin batera Sareren ohiko bozeramailea denak.
Sare osatzen duten lagunei helarazitako mezu nagusienetakoa hau izan da: «Hurrengo urteak baliatu behar ditugu espetxeen auzia behin betiko konpontzeko behar diren urratsak azkartzeko, euskal presoen askatasunari begira aurrera egitea ahalbidetuko duen espetxe politika aplikatuz».
Izan ere, testuingurua aldakorra da oso, eta nazioartean, benetan iluna: «Alde batetik, ez dira garai onak giza eskubideen arloan, munduko mapa politikoak eskuinera eta eskuin muturrera jo duelarik, ‘Internacional erreakzionarioa’ eratzeraino, Espainiako Estatuan ere ordezkaritza nabarmena duena, gobernatzeko aukeraren zain».
Agertokia osatzeko, Madrilgo egoerari erreparatu diote: Espainiako Gorte Nagusietan «gehiengo parlamentarioak progresistak izateak posible egiten du benetako bakea ekarriko duen agertokia kudeatzea, injustiziarik gabekoa, eta puntu horretara iristeko ez dago legea bihurritzeko premiarik. Legeria aplikatu besterik ez da egin behar, espetxe politikak normalizatzeko».
Eta Euskal Herrian zer? Azkarragaren aburuz, begi-bistakoa da «iritzi publikoaren parte bat eta gehiengo politiko eta sindikala espetxe politika errestauratibo eta humanista bultzatzearen aldekoak direla. Eskuin politikoa eta zenbait elkarte eta komunikabide, ordea, konfrontazioan, mendekuan eta iraganari buruzko kontakizun unilateral batean gotorturik daude».
AN ETA LAKUA
. Hau guztia ezaugarriturik, Auzitegi Nazionalaren oztopoei erreparatu die Sarek, batetik. Adibide gisa, iaz espainiar legebiltzarretan gauzatutako «zenbaketa bikoitzaren» erreforma «nahita geldiarazia duela» salatu du Azkarragak, ondorioz hainbat presok zigorra betetzen jarraitzen dutelarik. Honela gertatu da erreformaren aplikazioa jaso duen lehenengo presoaren kasuan ere: guztiz aske geratu berri da Balbino Saenz Olarra, baina duela bi urte amaitua zuen espetxealdia.
Davin Grayson idazle amerikarraren hitzak ekarri zituen gogora, honen harira, Azkarragak: «Justizia edo mendekua izan dezakezu, biak ez». Eta Mercedes Gallizo Espetxe Erakundeetako zuzendari nagusi ohiaren adierazpen batzuk ere bai: «Nekez imajinatu daiteke biziarteko zigorra baino zigor krudelagorik, norbait helmugarik gabe, esperantzarik gabe, etorkizunik gabe bizitzera zigortzea delako. Jende askorentzat, bizitza bera baino zigor ankerragoa da». Izan ere, indarrean den 7/2003 legeak, Jose Maria Aznarrek duela 22 urte ezarriak, horixe dakar: 40 urteko espetxealdiak, «biziarteko zigor ezkutua».
Begirada gertuago ere pausatu du Sarek, ez soilik Madrilen. Lakuako Gobernuari zuzenduz, «politika ausart bat egin dezala» eskatu dio, «gauza arrarorik egin gabe», legediaren barruan eta espetxeetako Tratamendu Batzordeen irizpideak bere eginez. «Berriz diogu espetxe arloko euskal administrazioak osotara garatu behar duela Euskal Espetxe Eredua izenekoa, Gasteizko Legebiltzarrak gehiengo zabalaren bidez onartu zuena. Eredu horrek zigorrak araubide irekian betetzearen alde egiten du, argi eta garbi. Eta hori orain egin daiteke», oroitarazi du. X. batzar honetatik, euskal gizarteari interpelazioa luzatu diote Sareko kideek, hitz hauekin: «Azkarrago edo motelago aurrera egitea ez dago soilik Auzitegi Nazionalak edo Eusko Jaurlaritzak egiten dutenaren mende. Askoz garrantzitsuagoa da gu euskal gizartearen zati handi bat mobilizatzen jarraitzeko gai izatea, gure helburua lortzeko».
«INDARBERRITURIK»
. Bide honetan, «Puzzlea osatu arte» ekimena forma hartzen ari dela aurreratu du. Maiatzaren 17an eta 18an egingo da, «oraindik salbuespen egoeran dauden presoak dituzten herrietan». Zehaztapen gehiago hurrengo asteotan emango dituzte.
Azkartu eta azken muturreraino eraman beharreko azken fase honi begira, nahikoa indar bildu dela uste du Sarek: «Indartsuago atera gara X. batzar honetatik. Indarberriturik. Kausa hau babesten segituko dugu, justua ez ezik beharrezkoa ere badelako, Euskal Herriak behingoz gure historia hurbileko pasarte dramatikoenetako bat atzean utz dezan», aipatu zuen Joseba Azkarragak. Eta honela amaitu zuen: «Gurekin ez daudenei eta gatazka honen ondorioak pairatu zituztenei zor diegu, baina batez ere, datozen belaunaldiei ere bai, guk aurrekoengandik jaso genuena baino hobea izango den gizartea merezi dutelako».

Piden cuentas por la contratación pública de dos directivos de Solaria

El PNV cesa a tres ediles de Getxo imputados por el derribo del palacete

Euskal Estatua helburu, egitekoa eta zuzendaritza eraberritu ditu Sortuk

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»
