Sed libera nos a malo
Baina libra gaitzazu gaitzetik. Hori erran nahi du hastapeneko esaldiak. «Et ne nos inducas in tentationem, eta ez gu tentaldirat ereman» aitzinean balu, «Gure aita» otoitza izanen lukete batzuek gogoan, baina «Sit nomen domini, Jaunaren izenean» daramala hasi omen zen kantari Pierre Topet Etxahunen “Eihartze eta Miñau” bertso sorta: «Sed libera nos a malo sit nomen Domini; vamos a cantar un canto para divertir; jan dügünaz gerozti xahalki huneti, eta edan ardua Juranzunekoti, chantons mes chers amis, je suis content pardi, trinquam d'aquest bun bi, eta dezagün kanta khantore berri».
Hizkuntzak nahasiz, zortzi puntuko bat osatu zuen barkoxtarrak, hamahiru bertso lerrokoa; gerora hamalau dituen bederatzi puntuko txikian erabili izan da doinua, Etxahunen esaldiaren izenburua duena. Koblakari zuberotarraren eskuizkribu guztiak erre zituzten bere ondorengoek, beraz ahoz aho jaso ditugu haren perlak. Maiorazkoa ez galtzearren etxe oneko Engrazi Palentorekin ezkontzera derrigortu zuten, neskamearekin zeukan errekonozitu gabeko haur bat tarteko, eta gai hori jorratzen omen du bere: «Ürx'aphal bat badügü herrian trixterik, nigarrez ari düzü kaloian barnetik, bere lagün maitiaz beit'izan ützirik: Kuntsola ezazie, ziek adixkidik». Imanol Larzabalen ahots gozoarekin gozatzeko moduko bertsoak hauek. Auzitegiak, kartzelak eta diren zoritxar guztiak pairatu zituen bardoak eskale gisa amaitu zituen bere azken egunak. Otoitzek nehor gutxi libratzen baitute gaitzetik.

«La maternidad nos da la oportunidad de aprender a mirar a nuestra niña interna»

Sabin Etxea fía ahora a un juez la resolución de su crisis en Getxo

«Que solo se permita comprar casas para vivir es legal, está sobre la mesa»

Martxoaren 3ko biktimen aurka jo du Gasteizko gotzainak: «Tentsioa dago»
