Ritxi AIZPURU
Musika pentsalaria

Musikaren gailurrak

Ez dut hasi nahi esaldia galdera batekin. Bost hasiera saio egin ondoren, konturatu naiz itaun batekin egokiago erantzungo diodala musikaren gailurraren gaiari. Noiz dakigu talde bat edo disko bat historiako gailurrera iritsi dela? Zein gailurrez ari gara? Mundukoa izatea urrutira joatea dela iritzi diot. Zilborrari begiratzearekin konformatuko naiz; hots, Euskal Herriko musikaren gailurrak lehenetsiko ditut, gainerako itsasoa zabala baita, baina hemengo arrainak ere ura behar du bizi ahal izateko. Normalean musikariek sormenerako erreferentziak bilatzen dituzte, eta eragin horiek atzerrian aurkitu. Hor daude norberaren gailur erreferentzialak. 1/1 eskalan hausnartzea zaila da.

Ba al dago gailurraren ondoren gailur gehiago, edo ba al da gailur altuagorik altuenera igo eta gero? Talde guztiek zapaldu dituzte euren gailurtxoak edo gailurtzarrak. Jakin behar da noiz zapaldu den norberarena izango den marka edo gailurra. Kota topografikoak ez daude margotuta lurrazalean, mapetan baino. Badakigu noiz iritsi garen mendi baten tontorrera, baina ia ezinezkoa da jakitea talde bat noiz iritsi den bere gailurrik altuenera. BECen emandako hiru kontzertuekin, pentsa genezake ETSk sabaia jo duela, eta ez, oraindik kota gehiagorako indarra du. Kortatuk jakin zuen noiz esan agur. Lagun batek esan zidan beherako joeran jardutea ez dela komeni; agur esan behar zaiola zaleari honek iskin egin aurretik. Bi adibide jarri zizkidan, Gatibu eta Esne Beltza. Aretoak beteta joan dira. Zauskada dago.