«Euskal Herrian, feminismo liberala bere horretan tradizionalki ez da existitu»
«Klase, genero eta, nola ez, nazio perspektiban» oinarritutako euskal feminismoaren bilakaera aztertzen du Naia Torrealdaik «Amaieratik hasi: Euskal Feminismoa, aldaketarako paradigma» liburuan. NAIZ Irratian izan da, ibilitako bidea errepasatzeko.

“Amaieratik hasi: Euskal Feminismoa, aldaketarako paradigma” izenburupeko liburua argitaratu du Iratzar Fundazioak, Txalaparta argitaletxearekin elkarlanean; Iparrorratza bildumako 10. liburuxka. Naia Torrealdai Mandalunizek sinatua da bilduma horretan argitaratu den azkeneko lan hau. Bertan agertzen duen lehen ondorioetako bat da askatasun balio unibertsalei lotuta hazi dela hasieratik feminismoa Euskal Herrian. «Nik esango nuke euskal feminismoa hasiera-hasieratik intersekzional sortu zela», esan zuen Naia Torrealdaik NAIZ Irratian. «Euskal feminismoak beti begiratu izan dio munduari klase, genero eta, nola ez, nazio perspektiba batetik», gaineratu zuen.
Intersekzionalitatea Euskal Herriko feminismoaren oinarrian beti izan den arren, helburu gisa baino «tresna moduan» ulertu behar dela dio egileak, bestela «zapalkuntzen arteko borroka edo zatikatze» batera eraman dezakeelako. «Begirada horretatik aldendu behar gara eta, jakinda zerk ezberdintzen gaituen, batasun hori bilatzeko apustua egiten dut», esan zuen Torrealdaik.
Liburuko pasarte batean, «feminismo liberalaren falazia» salatzen du Torrealdaik; alegia, Euskal Herrian «feminismoa burgesa, liberala, dela edo zatikatzen duela» dioen kontakizuna, sarritan ezkerretik datorrena. Torrealdaik dioenaren arabera, «Euskal Herrian, feminismo liberala bere horretan tradizionalki ez da existitu». Egia da gero eta gehiago direla feminismoarekin ustez bat egiten duten alderdi kontserbadoreak eta enpresa handiak. Baina feminismo liberalarekin baino, hori «oportunismo politikoarekin» lotuta dagoela ebatzi zuen Torrealdaik.
Besteak beste, mugimendu feministaren gorakada eta eragin politikoa ahalbidetu duten eta egungo erreakzioa ekarri duten bi mobilizazio olatu aztertu zituen Torrealdaik. Alde batetik, indarkeria matxistaren (Iruñeko “La Manada auzia”, adibidez) aurkako mobilizazio erraldoiak eta, bestetik, Euskal Herrian izandako greba feministak; lehendabizikoa, 2019ko martxoaren 8arekin bat eginez eta bigarrena, 2023ko azaroaren 30ean eta greba orokor gisara.
Deialdi batetik bestera erakundeek erakutsitako jarrera ezberdinean egin zuen azpimarra Naia Torrealdaik: «Greba orokor feministara joan ginenean erabateko blokeoa jasan genuen, ez bakarrik eskumako politikarien aldetik, baizik eta herri honetan hegemonikoak diren tokietatik; Eusko Jaurlaritzatik, diputazioetatik eta baita hedabide batzuetatik ere».

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Un esquiador de Irun, entre los tres fallecidos por un alud en Panticosa
