GARA
ARRASATE

«Nola landu sexualitatea hezitzaileon egunerokoan», Oinherriren jardunaldia

Oinherriko langileak.
Oinherriko langileak. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Ezin gara sexualitatearen alderdi erotikora mugatu: esnatzen garen momentutik lo hartzen dugunera arte, gure buruarekin, beste norbaitekin zein taldean agertzen zaigu sexualitatea, eta sarri, haur eta nerabeekin lanean ari garenean, esaterako, ez dakigu nola esku hartu.

Gogoeta horretatik sortu da Oinherri Herri Hezitzaileak Sustatzeko Elkartearen 11. liburuxka: “Nola landu sexualitatea hezitzaileon egunerokoan”. Arrasateko Kulturate espazioan plazaratuko dute, heldu den maiatzaren 16an. «Sexualitatea askatasunez, autonomiaz eta errespetuz bizitzeko bideak eskaintzen ditu, hezkidetza sexualetik abiatuta», azaldu zuten.

Hezitzaileentzako gida bat da, haur eta nerabeekin sexualitatearen hausnarketa eta lanketa sustatzeko.

Oinherrin frogatu dutenez, aisialdi hezitzailea eta hezkuntza ez-formala gune pribilegiatuak dira sexualitatea modu naturalean eta egokian jorratzeko. «Eskolako sexu-hezkuntza garrantzitsua den arren, sarritan ikuspegi biologizistara edo arriskuen prebentziora mugatzen da. Aisialdian eta eskolaz kanpoko hezkuntzan, ordea, harremanak eta bizipenak modu irekiagoan eta informalean aztertzeko aukera dago. Gainera, abantaila ditu hurbiltasuna eta konfiantza, eredu alternatiboak, eta plazeraren eta autonomiaren ikuspegia, esaterako», baloratu zuten.

Jardunaldia doakoa izango da. 9.30ean hasiko da, eta 14.00etan bukatu. Izena emateko aukera zabalik dago dagoeneko, oinherri.eus webgunean.