GARA
DONOSTIA

Etxebizitza eskubidearen aldeko eta espekulazioaren aurkako manifestazioa egin dute Donostian

Donostiako manifestazioaren irudi jendetsu bat.
Donostiako manifestazioaren irudi jendetsu bat. (Jon URBE | FOKU)

Ehunka pertsona bildu ziren atzo Donostian, etxebizitza eskubide bat dela aldarrikatzeko. Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak deituta eta Estatu espainolean prestatutako protestaren barnean, martxa 12.00etan abiatu zen Bulebarretik, eta eragile ugarik bat egin zuten.

Aldarrikapen nagusietako bat izan zen alokairuen prezioen jaistea eta, bestetik, espekulazioa ekiditea.

Mobilizazio hau historikoa izatea espero zen, lehenengo aldia baitzen Estatu osoko maizter taldeak batera kalera irteten zirela. “Etxebizitzaren negozioari ez” lelopean, 40 hiritan antolatu ziren mobilizazioak egunean zehar.

Etxebizitza Sindikatu Sozialistak kezkaz ikusten du «nola azken hilabeteetan argi geratu den politikariek etxebizitzaren arazoaren inguruan sortu den kezka soziala eta kale mobilizazioak higiezinen negozioa indartzeko eta diru publikoz finantzatzeko erabili» dituztela. Hori dela eta, «administrazio ezberdinetatik hartu eta promozionatu diren neurrien izaera faltsua seinalatzea eta neurriok betetzen duten benetako funtzioa azaleratzea» garrantzitsua dela uste dute.

Manifestazio hasieran sindikatuak ohar bat irakurri zuen, etxebizitza «langile klasearen pobretzearen» funtsezko faktore bihurtu dela salatzeko. Adierazi zutenez, etxebizitzaren arazoak bereziki sektore batzuei eragiten die, alegia, «gazte langileei, emantzipatu ezin dutenei, pertsona arrazializatuei eta migranteei, miseria eta higiezinen arrazakeriari aurre egiten diotenei».

Era berean, erakundeek arazoari emandako erantzunak kritikatu zituzten, eta adierazi zuten «arazoaren arduradunak diren enpresariei botere gehiago ematea» ez dela konponbidea. Gaitzetsi zuten egungo neurri politikoek higiezinen negozioa indartzen dutela.

Horren aurrean, sindikatuak benetako irtenbide bakarra «doako etxebizitza unibertsala eta kalitatezkoa» dela defendatu zuen, merkantzia izaera ezabatuz.