Nerea LAUZIRIKA
BILBO

Euskal Herria Batera: «Euskal Herriak bere bide propioa urratu behar du»

Sabino Arana Fundazioak, Agirre Lehendakaria Centerrek eta Olaso Dorrea Fundazioak, Euskal Herria Batera-ren hegalpean, adierazpen bateratua egin dute, Aberri Eguna ate joka dagoen honetan. Euskal Herriak bere etorkizuna definitzeko eta proiektu propio bat garatzeko duen beharra azpimarratu dute.

Agerraldi bateratua egin zuten atzo hiru fundazioek Bilbon, Euskal Herria Baterarekin.
Agerraldi bateratua egin zuten atzo hiru fundazioek Bilbon, Euskal Herria Baterarekin. (Mikel MTZ DE TRESPUENTES | FOKU)

Euskal Herria Baterak Aberri Egunera begira ekitaldia egingo du ostiral honetan, apirilaren 11n, Donostiako Kursaalen, arratsaldeko 19.00etan. Sarrera ia guztiak bukatuta badaude ere, Euskal jendarteari bertaratzeko gonbita egiteko eta adierazpen bateratua zabaltzeko agerraldia egin zuten atzo Sabino Arana Fundazioak, Agirre Lehendakaria Centerrek eta Olaso Dorrea Fundazioak, Euskal Herria Bateraren hegalpean. Testuingurua aintzat hartuta, Euskal Herrian «askatasunean eta justizia sozialean oinarritutako proiektu bat indartzea» aldarrikatu zuten: «Herri gisa gure lekua berretsi eta etorkizunaren norabidea marrazteko beharra dugu».

Herri gisako hitzordua da ostiralean deitu dutena, Aberri Eguna baino lehen atzera kontaketa abiatzeko. “Bagara nor, badugu zer egin” leloaren bueltan kultur ikuskizuna antolatu dute, dantza, hitza eta kantua uztartuko dituena. Besteak beste, Manex Fuchs, Lorea Agirre eta Martxel Rodriguez artistek ondu dute ikuskizuna.

Bilboko Kafe Antzokian agerraldia egin zuten Sabino Arana Fundazioko Ainara Zelaiak, Agirre Lehendakaria Centerreko Gorka Espiauk, Olaso Dorrea Fundazioko Irati Jimenezek eta, diaspora ordezkatuz, Carlos Etcheparek. Izan ere, Euskal Herriko hiru fundazio garrantzitsuenetakoak dira eta Aberri Egunera begira adierazpen bateratua plazaratu nahi izan zuten, «bere garrantzia azpimarratzeko».

Zelaiak adierazi zuen aurtengo Aberri Eguna munduaren eta, beraz, Euskal Herriaren etorkizuna «aldaketa sakonen menpe dagoen une historiko batean» ospatuko dela. Gaineratu zuen egoera geopolitiko eta sozioekonomikoa «ziurgabetasunez eta erronkaz beteta» dagoen honetan, herri gisa «gure lekua berretsi eta etorkizunaren norabidea marrazteko beharra» dugula.

Halaber, «mundu zaharra» krisian dagoela eta, Euskal Herriak bere bidea urratu behar duela adierazi zuen Sabino Arana Fundazioaren ordezkariak. Horretarako, gurean «askatasunean eta justizia sozialean oinarritutako proiektu bat indartzeko» beharra nabarmendu zuen.

Hain zuzen ere, Euskal Herriaren etorkizuna marrazteko jorratu beharreko hainbat auzi mahai gainean jarri zituen Espiauk, beharrezkotzat jo baitzuen herri diagnosi sakon bat egitea, zenbait galderari herri gisa erantzuteko gaitasuna izateko.

Besteak beste, demografiaren inguruko zalantzak, garapen ekonomikoari buruzkoak, ingurumenaren alorrekoak eta hizkuntzarekin lotutakoak planteatu zituen, baita nazioaren egituraketari buruzkoak ere.

Eztabaidagai izan behar duten aferak aipatuta, Euskal Herria Bateraren oinarriak zehazteari ekin zion Jimenezek. Horrela, aditzera eman zuen «ozen aldarrikatu nahi» dutela Euskal Herria nazio bat dela, euskara dela haren ardatza, aniztasuna haren balioetako bat dela eta etorkizunean erabakitzeko gai izan behar duela.

ZORTZIGARREN HERRIALDEA

Diasporari mintzatu zitzaion Etchepare, «zortzigarren herrialdeari», hain zuzen. Izan ere, asko dira, Euskal Herritik kanpo bizi badira ere, komunitatearen parte direnak eta, azaldu zuenez, Aberri Eguna euskal jatorria duten beste kide batzuekin harremanak estutzeko baliatu nahi izaten dutenak.

Horrez gain, galdegin zuen Aberri Egunari dagokion «garrantzia eta instituzionalizazio maila» aitortu diezaioten, iritzita bide horretatik sortuko direla ospakizuna «zabalagoa eta baterakoa» izateko oinarriak.