Arnaitz GORRITI
ITZULIA 2025

Lidergoa eta irribarrea Maximilian Schachmannentzat Gasteizen

Ezustean, bi urte garaipenik lortu gabe egon eta gero, Soudal Quick Step taldeko alemaniarrak irabazi zuen Gasteizko erlojupekoa. Itzuliko sailkapen nagusiari begira, bigarren amaitu zuen Joao Almeida UAEko portugaldarra kokatu zen ongien.

2023tik garaipenik lortu gabe, Schachmann pozarren zen, Gasteizen irabazita.
2023tik garaipenik lortu gabe, Schachmann pozarren zen, Gasteizen irabazita. (Raul BOGAJO | FOKU)

2025eko Itzulia abian da azkenean, eta atzo Buesa Arenan hasi eta amaitu zen aurreneko etapak ez dirudi hainbesteko eraginik izango duenik azken sailkapenari begira. «Erlojupeko nahiko teknikoa izan da, errekuperatzeko tarte handirik laga ez duena. Hasieratik topera atera naiz eta, kontxo, azken hiru kilometroak luze egin zaizkit, baina eutsi diogu. Bistan da Euskal Herriak zorte ona dakarkidala», hala mintzatu zen lehenengo etapa ezustean eraman zuen Maximilian Schachmann, Soudal-Quick Step taldeko txirrindulari alemaniarra.

Berlinen duela 31 jaio zen txirrindularia bi urtean egon da irabazi gabe, baina Euskal Herrira itzultzeak ez zion kalterik egin. Egiari zor, aurrez 2019ko Euskal Herriko Itzulian hiru etapa garaipen lortu zituen. «Aspalditik garaipenik lortu ezinik ibili banaiz ere, taldeak nigan konfiantza erakutsi duelako esker ona azaldu besterik ezin dut egin», onartu zuen Schachmannek, pozarren.

«”Aulki beroan” aurkariak banan-banan noiz sartuko zain egotea gogorra izan da. Pare bat bider galtzear ikusi dut, gainera, aurreneko postua. Baina azkenean merezi izan du sufrimendu horrek ere», esan zuen Euskal Herriko Itzuliko lehenbiziko liderrak.

Sailkapenean hurre inor geratu bazitzaion, hori Joao Almeida UAE taldeko portugaldarra izan zen, hain zuen, Euskal Herriko Itzuli hau irabazteko hautagaietako bat. Portugaldarra bospasei hamarreneko denbora tarte eskasera geratu zen alemaniarrarengandik, eta horren ostean beste alemaniar bat sailkatu zen hirugarren: Florian Lipowitz, irabazleak baino segundo bakar bat gehiago behar izan zuen Red Bull Bora taldeko txirrindulariak.

HAIZEAREN MEMORIAK

Eguraldi bikaina lagun, txirrindulariek gogor jo beharreko erlojupekoa jokatu behar izan zuten, haizea kontra hasiera batean, eta alde aurreneko 16 kilometroen bigarren erdia osatzeko. «Hasiera aldean haizeak aurpegiz jotzen du, eta behin buelta erdi hartu eta erlojupekoaren bigarren zatia ekiteko orduan kontuz ibili behar da. Hasieran larregi ematen duen horrek denbora asko galdu dezake gero», iritzi zion Omar Fraile txirrindulari bizkaitarrak, helmugara iritsitakoan.

Ez zen Schachmann izan aurreneko mugarrietan denborarik onena egin zuen txirrindularia, baina bai erregularrena. Brndon McNulty bezalako faboritoek larregi jo zuten hasieran, eta azkenean luze egin zitzaien jardunaldia. Almeida, Lipowitz eta Schachmannek, berriz, saio askoz orekatuagoa eginda ezarri zituzten denborarik onenak.

Euskaldunen artean Pello Bilbao izan zen bizkorrena, egunik finena izan ez arren. Irabazlearengandik 27 segundora, 19. amaitu zuen. Aurreneko hogeita hamarren barruan sailkatu ziren Ion Izagirre eta Igor Arrieta ere.