Gaizka IZAGIRRE
HERNANI
SORDA

Munduan isilean bizi direnentzat

Eva Libertad zinemagilearen ‘‘Sorda’’ filmean Angela emakume gorraren istorioa ezagutuko dugu. Haur bat izango du Hectorrekin, bere bikote entzulearekin. Haurdunaldiak, ordea, amatasunarekiko eta alaba izango denarekin komunikatzeko moduari buruzko bere beldurrak azaleratzen ditu, bikote harremanean eragiteraino.

Filmak benetakotasunez eta sentiberatasunez heltzen die pertsona gorrei, nagusiki entzulea den gizarte batean, dituzten erronkei eta zailtasunei. Narrazioa oso delikatua, fina eta hunkigarria da, ez delako salaketa soil batera mugatzen; sentiberatasun ikaragarriz, mundua isilean bizi direnentzat oraindik prestatua ez dagoela erakusten du.

Ikusle gisa ispilu baten aurrean kokatzen gaitu, gizartean entzule gisa dugun erosotasuna ezbaian jartzera behartzen gaituelako. Alabak lehen hitza esaten duen eszena edota erditzearen unea, adibidez, oso indartsuak eta esanguratsuak dira.

Gidoi sotil eta zehatza du, sentimentalismoetatik urruntzen dena, eta pertsonaien argi-ilun guztiak marrazten ditu. Gorren eta entzuleen arteko komunikazio dinamikez gain, amatasunak dakartzan kezkak eta beldurrak ere azaltzen ditu. Miriam Garlo eta Alvaro Cervantes aktore protagonistek lan aparta egiten dute, bereziki Garlok.

Soinuaren -eta soinu ezaren- erabilera paregabea da eta Angelaren gorputzean kokatzen du ikuslea. Angelaren eskuetatik eta begietatik hurbil dauden planoek indartu egiten dute filmaren narrazioa eta mezua.

Irakasten duen pelikula da, baina sermoirik jaurti gabe. Barrenak mugitzen dituen istorioa da, baina manipulatu gabe. Esperientzia sentsoriala eta emozionala da, baina klixeak saihesten ditu.

Konprometitua, ausarta eta gizatiarra da. Zeinen beharrezkoak diren honelako filmak.