Euskal gatazka beste ikuspuntu batetik landu du Xabier Mendigurenek
«Borrero txiki bat» eleberria argitaratu berri du Xabier Mendigurenek. «Oso latza izan da» torturaren kronikaren «arrastoan» eta horren ildotik sortutako honetan, euskal gatazka beste ikuspuntu batetik agertu du, protagonista Intxaurrondoko guardia zibil baten semea delarik, Ivan. Idazleak dioenez, «zilegiak dira ikuspuntu desberdinak» eta «zintzotasunetik» kontatuta dago fikziozko istorio berri hau.

“Borrero txiki bat” du izena Xabier Mendigurenek argitaratu berri duen nobelak. Ikuspuntu desberdinak «zilegiak» direla uste duenez, honetan «zintzotasunez» erakusten du euskal gatazka beste alde batetik; Intxaurrondoko kuarteleko guardia zibil baten seme Ivanen begietatik, hain zuzen ere.
Elkar argitaletxearen eskutik dakar lan hau Mendigurenek eta, atzo Aintzane Muguruzarekin batera egindako aurkezpenean azaldu zuenez, “Oso latza izan da” liburuaren «arrastotik» eta horren ildotik dator hau. Bestetik, «emakumeen ikuspuntua barneratzea falta zaigu -adierazi zuen Muguruzak-, baina iritsiko gara».
«Zer sentitzen du Intxaurrondoko kuartelean bizi den haur batek? Nola pentsatzen du 80ko hamarkadan Guardia Zibilaren kaserna izugarri hartan hazitako gazte batek? Beldur ote da gauetan? Jabetzen ote da beretarrek eragiten duten beldurraz? Ze harreman du handik kanpoko neska-mutilekin? -laburbildu du Elkar argitaletxeak- Besteren larruan sartzeko ariketa deigarri bat egin du egileak, eta enpatia horretatik pertsonaia konplexu bat sortu, gure herriaren itzalgune zenbaiti argia emateko, gure historiaren pasarte ezezagun batzuk agerira ekartzeko. Bere laburrean intentsitate handiko nobela da hau, teknika-aldaketa eta gidoiaren biragune ustekabekoei esker irakurlea erne mantenduko duena amaierara iritsi arte. Eta agian luzaz pentsaraziko diona gero, irakurritakoaz».
Idazleak atzo zehaztu zuenez, Joxe Arregi ETAko kidea hil zuen torturaren kronika egiten duen lan hori atera eta gero, «antzeko protagonistekin» gehiago ikertzen aritu zen eta «inoiz entzun edo irakurri ez» zituen gertakari batzuk deskubritu zituen, kuarteletan gertatzen zirenak, hain zuzen ere.
Hala ere, interes hori alde batera utzi zuen norekin hitz egin ez zeukalako, “The zone of interest” pelikula ikusi zuen arte. Hori Auschwitz kontzentrazio-esparruko komandante baten familiaren ingurukoa dela aintzat hartuta, «ez dut konparatu nahi, baina torturak ere horrore puntu bat badu», esan zuen Mendigurenek.
LAU ATAL
Liburuaren lehenengo paragrafoan pertsonaiaren buruan sartzeko baimena eskatzen du narratzaileak. Andaluziako gurasoak dituen eta aita guardia zibila Zamorako herri batean destinatuta dagoenean jaiotako protagonistak, Ivanek, 18 urte betetzen dituenean amaitzen da eleberriaren lehenengo zatia, 1991n. Lehen zati horretan, beraz, bost urterekin -Intxaurrondoko kuartela eraikitzen ari direnean- Donostiara etorritakoaren «haurtzaroa, kezkak, beldurrak eta zalantzak» kontatzen dira.
Beste hiru zati ditu nobelak, baina Xabier Mendigurenek ez zuen atzo horiei buruz ezer aurreratu, spoilerrik ez egitearren. 2016an bukatzen da liburua, protagonistak 43 urte betetzen dituenean, «politikoki gaurko aroaren barruan» kokatuta, alegia.
Gidoiaren zenbait biraketa daude liburuan, bai eta estilo aldaketak ere, «ustekabea, misterioa eta erakargarritasuna» izan ditzan eta irakurlea «ezustean harrapatzeko». «Zintzotasunetik» kontatuta dagoela esan zuen idazleak, eta horrela irakurria izan dadila espero duela. Gainera, irakurleari pentsarazteko gakoak eta amuak sartu ditu, besteak beste, biktima izateaz, aitortzaz eta minaz.
Ohartarazpen bat egin zuen Mendigurenek “Borrero txiki bat”-en inguruan: fikzioa da «goitik behera», pertsonaiari dagozkionak asmatuak dira, eta «laburra da, arin irakurtzen da».

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Aerosorgailu bat zure esne kaxan

Elogio de las puertas giratorias entre el trabajo privado y el político

«Basoez hitz egiten dute, baina basoa suntsitzen dute landaketa sartzeko»
