«Indarra erabiltzeko legitimitatea du Ertzaintzak, baina ez indarkeria»
Amaya Zabarteren kasua eta Errekalden egindako oldartzea baloratu zituen Bingen Zupiria Lakuako Segurtasun sailburuak atzo NAIZ Irratiarekin izandako elkarrizketan. Kezka orokorra onartu zuen, baina kasu zehatzetan erantzun argirik eman gabe. Rosa Zarra biktima gisa aitortu izanak ere zalantzak sortu dizkio, baina «azken hitza hori da, kito».

Bingen Zupiria, Lakuako Segurtasun sailburua, NAIZ Irratiko mikrofonoen aurrean izan zen atzo. Hain justu ere, Iñigo Cabacas Ertzaintzak jaurtiriko pilotakada baten ondorioz hil zen egun berean, duela 13 urte. Horretaz galdetuta, Cabacas gogoan duela aipatu zuen Zupiriak. Emandako epaia bertan dela, «biktima izan zen eta ez luke berriz gertatu behar», adierazi zuen.
Bortizkeria poliziala ez zen harekin amaitu. Elkarrizketan bi kasu berriri buruz galderak egin zizkieten kazetariek Ertzaintzaren arduradunari. Zupiriak ez zuen erantzun argirik eman, ez batean, ez bestean.
Amaya Zabarte Real Sociedad-PSG iazko futbol partida aurrean izandako oldartzean zauritua izan zen Amaya Zabarte. Bizitza osorako lesioak geratu zaizkio, sendagileek ohartarazi dutenez. Astelehen honetan deklaratu zuen azkenik auzitegian. «Biktima izan zen», onartu zuen Zupiriak, baina zalantza airean utzi zuen, buruan Ertzaintzaren pilotakada bat jaso zuen edo beste norbaitek jaurtiriko zerbait izan ote zen.
Hori argitzeko «bidezkotzat» jo zuen Zabartek auzitegira jo izana: «Guztiz ulertzen dut». Gogoan hartu behar da hasiera batean Donostiako instrukzio epaitegiak ia ikerketarik gabe itxi zuela auzia eta Gipuzkoako Auzitegi Probintzialak berrabiatzeko agindua eman duela. Orain arte ez dute ertzain bakar bat ere auzitegira deitu, ez auzipetu gisa, ezta lekuko gisa ere.
Errekalde Aurreko astean Errekalden Etxarri gaztetxea hustu aurretik izandako istiluen ondorioz, barrabil bat kendu behar izan zioten 33 urteko gizon bati. Ertzaintzak nahita bertan pilotakada eman ziola salatu zuen honek hedabideetan. Zupiriak esan zuenez, Ertzaintza ahalegindu da gizonarekin hitz egiten, baina berak «ez du nahi izan». Salaketarik ere ez omen da. «Oso zaila da argitzea, salaketarik ez bada. Horrek lagunduko liguke. Itsu moduan gabiltza bestela», esan zuen. Gertatutakoa «edozer dela ere, lehenbailehen osatzea» opa dio.
Errekaldekoarekin jarraituz, gomazko pilotak erabili zirela zabaldu zen sareetan, teorian Iñigo Cabacasen heriotzaren ondoren alboratutako materiala izan arren. Sailburuak zehaztu zuen gailu horiek ez daudela guztiz debekatuta. Instrukzio berria egin zen 2012ko tragedia haren ostean, eta bertan «mailakatuta» agertzen da zer erabili behar den eta zein egoeratan: «bastoiak», foamezko pilotak, gomazkoak... Azken hauek jaurtitzeko, egoerak justifikatuta egon behar duela aipatu zuen Zupiriak. «Nik dakidala, ez ziren Errekalden erabili», bukatu zuen, baina, hala ere, barruko ikerketa abian dela zehaztu zuen, eta ondorioz ez zuen aukera hori guztiz ukatu.
Bi irakurketa orokor egin zituen Segurtasun sailburuak bi kasu hauek baloratu ondoren. Lehena, kanporantz: «Gizartearen gehiengoak ez ditu normaltasunez ikusten denbora gutxian Bilbon birritan ikusi diren irudiak: Athletic-Roma partidaren ondoren lehenik eta joan den ostegun arratsaldean Errekaldekoa gero». Bigarren kritika barrura begira izan zen, eta autokritikoa dirudi: «Guk indarra erabiltzeko legitimitatea eman diogu Ertzaintzari, baina indarra ezin da indarkeria bihurtu».
Biak uztartuz, hausnarketa hau egin zuen Zupiriak: «Arazo batzuk baditugu, eta denon eginkizuna da arazo horiek bideratzea».
Rosa Zarra Ertzaintzaren bortizkeriari lotutako beste kasu bat izan da hizpide azken egunetan, bestalde, baina ez oraingoa, duela 30 urte jazotakoa baizik: Rosa Zarra pilotakada baten ondorioz hil zela egiaztatu da ofizialki, bere garaian Juan Maria Atutxa buru zuen Barne Saila ukatzen tematu zen arren.
Ertzaintzaren inguruko zenbait ahotsek aurreko bertsio ofizialari eutsi nahi izan diote ondorio hauen ostean ere. Horretaz galdetuta, indarkeria politikoko eskubide bortxaketen Balorazio Batzordeak erabakitakoak «hankaz gora jarri ditu beste epai batzuk», nabarmendu zuen Zupiriak hasieran. «Baina Balorazio Batzordea sortu bada eta azken hitza berea bada, punto! Hori betetzea beste aukerarik ez dut, eta horrela adierazi diot familiari», esan zuen gero.
Blue Lives Matter Ertzaintzaren barruan ultraeskuineko joera nabariak dira, eta hau ere mahai gainean jarri zioten sailburuari. Zehazki, Blues Lives Matter mugimenduari lotutako sinbologia agerikoa da zenbait poliziakideengan. Zupiriaren ustez, hau ez da Ertzaintzaren berezko arazoa, «gizarte osoarena» baizik.
Ikur horiek ezin ote diren debekatu planteatutakoan, zaila dela erantzun zuen. Argudiatu zuenaren arabera, badira aurretik ere «marrazkiak, tatuajeak eta abar» erakustea eragozten duten araudiak, baina betearaztea gero eta nahasiagoa da, gehienbat tatuajeen erabilera ugaldu delako.
«Selekzio prozesuak oso modu argian eta zehatzetan egitea da inportantea. Eta formazio egokia jasotzea akademian dauden bitartean», adierazi zuen. Sinbolo horien erabilera zigortzen ote den galdetuta, «baietz esango nuke, baina ez nuke eskua sutan jarriko», esan zuen.
Gai gehiago ere jorratu zituen. Udaltzainek su-armak erabili behar dituzten ala ez sortutako ika-mikari buruz, «alkate batek ezetz uste badu, idatziz justifikatu» behar duela azaldu zuen. Armarik ez eramateko salbuespenak legez onetsita daudela eta argudiatu behar direla aipatu zuen.
EH Bilduren alkatetza duten zenbait udalek deialdi propioak abiatu dituzte, bestalde. Prozedura hori ez duela zalantzan jarri nahi adierazi zuen. «2012an onartu zen Legean finkatuta dago, gero etorri zen Udal Legean ere bai. Beren selekzio prozesuak egiteko gaitasuna dute. Legeak erabaki duenaren barruan bada, ez dago arazorik», onartu zuen.
Alkate batzuek nabarmendu zutenez, deialdi hauek abiatzeko arrazoietako bat udaltzain izan nahi duten lagunen falta da, Arkautiko Akademiatik pasatzen diren gehienek hiru handiak nahi omen dituztelako. Ez dela Ertzaintzari bakarrik eragiten dion arazoa zehaztu zuen: «Herri txiki askotan medikuak falta dira. Ikastetxeetan herrian bertan bizi diren maisuak nahiko genituzke... Baina jendeak bere aukeraketak egiten ditu. Eskaintza erakargarriak egin beharko dituzte udalek», planteatu zuen.
Euskalduntzea Eskumenen alorrean, polizia indar espainolekin arazorik ote den galdetuta, Zupiriak Gernikako Estatutuan nork bere egitekoa ondo zehaztua duela erantzun zuen. «Beti gertutik jarraitu beharreko gaia da hau, erresistentziak egon badaudelako. Portuetako eskumenarekin ikusi da. Legea betetzea dagokigu, eta horrekin exijenteak izatea Madrilgo Gobernuaren aurrean», aitortu zuen.
Euskalduntzeari dagokionez, ertzaina izan nahi duenak «baliabide guztiak ditu», ziurtatu zuen. Egoera positiboki baloratu zuen, kritika ugari eragin arren: «Gero eta gehiago dira B2 mailarekin iristen diren pertsonak», esan zuen.
Azken gai garrantzitsua, Segurtasun Sailaren alorrean, ertzainek beren lan hobekuntzak lortzeko garatu duten protesta luzea da. Beren diru etekinak nabarmen igo dira akordio baten ostean, zenbait sindikaturekin sinatua, baina beste batzuentzat ez da nahikoa oraindik.
Zupiriak azaldu zuenez, argi adierazi zieten soldata ezin zutela «legeak agintzen duenaren gainetik» igo. Zenbait plus igotzeko erabakia hartu zuen Sailak («produktibitatea eta abar»), nabarmen igotzeko ere (urtero 4.200 euro gehiago ekarriko dio ertzain bakoitzari, gutxienez). «Izoztuta zeuden, eta gaurkotu ditugu -defendatu zuen-. Beste arlo batzuetan negoziazioa horrela planteatzen bada, aurrera».

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa
