GARA
BAIONA

Batzuentzat ezinbertzekoa, bertzeentzat ohitura, zabalik da Baionako Xingar Azoka

Amelie Etxeparek lortu zuen urdaiazpiko onenaren saria.
Amelie Etxeparek lortu zuen urdaiazpiko onenaren saria. (Patxi BELTZAIZ)

Baiona txarkuteriako profesional eta zaleen topagune da egunotan. Lagunartekoa, prestigiotsua, emankorra... Mendez mende egiten den merkatu hau lanbidearentzako funtsezko ekitaldia da. Batzuentzat ezinbertzekoa, bertzeentzat ohitura zaharra, atzo hasi zen eta igandera arte izanen da.

Etxaldeko xingarraren txapelketa izan zen aurreneko ekitaldia. Lehen saria Urepeleko Amelie Etxeparek jaso zuen. 2.700 euro ordaindu zituzten enkantean 14,3 kiloko piezagatik. Estatu Batuetan jaioa da eta hamar urte inguru daramatza Etxeparek lehiaketan parte hartzen; 2023an nahiz 2024an aurkezpen onenaren saria jaso zuen. Atzo, 25 ekoizleren artean nabarmendu zen. Bigarren saria bitan banatu zuten; Tarnosko Pascal Membrede eta Baiona bertako Thomas Latour izan ziren garaileak. Hirugarren saria, aurkezpena baloratzen duena, Gerderesteko Daniel Tailleurrek eraman zuen.

Abeltzainak, janari gazituak egiten dituztenak zein ostalariak, denak bat datoz gauza batean: Xingar Azoka da urteko ekitaldia, Baionako txarkuteria industria ospetsuko eragile guztiak biltzen dituena. 562. edizioa du eta, bertze behin ere, dastatze, tradizio eta jai jardueraz betetako lau egun eskainiko ditu. Familia, prestigio eta negozio istorioak nahasten dira hemen eta horrek azaltzen du zergatik itzultzen diren urtero erakusketariak eta parte-hartzaileak.

Dena den, Azoka salmenta negozioa da batez ere, non artisauek ehunka pieza saltzen dituzten xerratan, laurdenetan, erdietan eta, gutxi batzuetan, baita zati osoetan ere.