Ramon SOLA
DONOSTIA

«Zigor bikoitza» gainetik kendu diote Alberto Plazaolari

Alberto Plazaolak espetxe zigorra oso-osorik beteta duela onartu du Auzitegi Nazionalak, iaz Kongresuak eta Senatuak onetsitako lege erreforma aplikatuta. Bigarrena da, Balbino Saez Olarraren ostean. Aurretik, ordea, 24 urte egin ditu preso, eta beste 11, erabaki honen zain.

Presoak etxeratzearen alde Bilbon eginiko mobilizazioa.
Presoak etxeratzearen alde Bilbon eginiko mobilizazioa. (Mikel MARTINEZ DE TRESPUENTES | FOKU)

Alberto Plazaola oñatiarrak ez du espetxera itzuli beharko, oso berandu bada ere «zigor bikoitzaren» tranpa indargabetuta gelditu delako. Auzitegi Nazional espainolak onartu duenez, aurretik Estatu frantsesean betetako espetxealdia kontuan hartu behar diote eta espainiarrean ezarritakotik kendu, eta horrekin zigorra guztiz amaituta du.

Lege erreforma aplikatzearen onura jaso duen bigarren euskal presoa da Plazaola. Duela hilabete, Balbino Saenz Olarra izan zen zigorra bukatuta zuela jakinarazi zioten lehena. Ordurako, behar baino bi urte gehiago espetxean eginak zituen Saenzek.

Plazaolaren kasuan, kontuan hartu behar da bere garaian jada kaleratu egin zuela Auzitegi Nazionalak, 24 urte preso zeramatzanean, Estatu frantsesean egindako espetxe urteak ontzat hartuz, Santi Arrospiderekin batera.

Hortik gutxira, ordea, atzera egin zuen espainiar auzitegi bereziak eta berriro kartzelatzen ahalegindu zen. Ipar Euskal Herrian bizi izan da geroztik Plazaola, mehatxu horri aurre eginez. GARAri 2015ean emandako elkarrizketan hau esan zuen: «Oso babestua eta oso maitatua sentitu naiz eta horrek asko lagundu nau».

Orain, hamarkada luze bat igarota, Auzitegi Nazionalak onartu du 2014an egindako likidazio hura egokia zela. Zehatzago, espetxealdia 2013ko abuztuaren 24an agortu zitzaion Plazaolari, eta ondoren inolako trabarik ez zioten jarri behar, baina atxilotze agindua orain arte indarrean izan dute. Ia beste hamabi urte eta lege erreforma behar izan dira, beraz, bidezkoa zena epai bidez onartua izan dadin.

52 PRESO, GUZTIRA

Lege erreformari espainiar Gorteetan oniritzia eman ziotenean Sarek jakitera eman zuenez, epe motzera zazpi preso aske geratu beharko lirateke, jada zigorra osorik beteta dutelako. Hilabete batzuk pasatuta, oso motel gertatzen ari dela agerian geratzen ari da.

Zazpi horietaz gain, beren espetxe egoera hobetu lezaketen presoak 52 dira guztira, zenbaketa berriaren bitartez espetxealdia aurreratua dutelako, eta ondorioz hirugarren gradua edo baldintzapeko askatasuna dagokie. Azken honi buruz Lakuako Administrazioari dei egin dio Sarek, beharrezko erabakiak har ditzan.