GARA

MAITE ZAITUT JAIALDIARI BABESA

Maite Zaitut jaialdiari babesa eman diote hainbat erakunde, enpresa, eragile eta hedabidek. Dena prest dago maiatzaren 3rako.

Pailazoen omenaldiari babesa agertu zioten, atzo, Bilbon.
Pailazoen omenaldiari babesa agertu zioten, atzo, Bilbon. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Maiatzaren 3an BEC beteko duten milaka pertsonek eskerrak emango dizkiete Pirrix, Porrotx eta Marimototsi. Bizkaiko Foru Aldundiko Leixuri Arrizabalagak, Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak; Oiartzungo alkate Joana Mendiburuk; Bizipoza Elkarteko Amaia Elizondok eta Maite Zaitut Elkarteko Amagoia Mujikak agerraldia egin zuten atzo. Haiekin batera, Bizkaiko Foru Aldundiko egoitzan elkartu ziren pailazoen omenaldia babestu duten erakunde, enpresa, eragile eta hedabideetako zenbait ordezkari, hauen artean, NAIZ. «Bidean, askotan galdetu diogu gure buruari ea ondo ari ote ginen, ea herriak ere sentituko ote zuen guk sentitu dugun taupada hau, pailazoei maite ditugula esateko behar kolektibo hau. Ez dela gure erokeria bat, herri oso baten bultzada daukagula. Gaurko argazkiak hori erakusten du. Mila esker, bihotz-bihotzez, hemen zaudeten guztioi eta, etorri ez arren, bidean eskutik heldu diguten beste hainbesteri», adierazi zuten sustatzaileek. Jakinarazi zuten norbanakoek ekarpena egin dezaketela webgunean (www.nikeremaitezaitut.eus). Pistako azken sarrerak ere eskuragarri daude orrialde berean.