GARA
DONIBANE GARAZI

Burujabetzari bultzada eman diote Donibane Garazin Aberri Egunean

Donibane Garazin atzo egindako ekitaldia.
Donibane Garazin atzo egindako ekitaldia. (Guillaume FAUVEAU)

Bagira prozesuaren ildotik hirugarren urtez jarraian Aberri Eguna batera ospatu zuten zenbait eragilek eta hiritar xumek. Itsasun izan zen lehenik, Uztaritzen gero, eta aurten Nafarroa Garaian. «Elgarrekin, herria, burujabetza» aldarriak batu dituzte Ipar Euskal Herriko abertzaleek. «Burujabetza helmuga eta bidea» dela nabarmendu zuten ekitaldi nagusian, hainbat urrats aipatuz.

«Burujabetza da gure herriarentzat proposatzen dugun helmuga eta bidea. Euskal Herriaren aitortzan jauzi berri bat egiteko eta eraikitzen ari garen alternatiba burujabeetan zabalkunde bat emateko garaia da». Hala adierazi zuten bildutakoek hitzartze nagusian.

Jai kutsuko ekitaldiez gain (herri kirolak, bazkaria, kontzertuak), manifestazioa egin zuten herrian, 11.00etan abiaturik. Giro alaia lagun, mezu baikorra zabaldu zuten: «Itxaropena gira. Lehen aldikoz, ezkerreko abertzale bat dago Parisen diputatu gisa. Aurten, laborantza hauteskundeetan lurraldeari atxikiriko laborantza herrikoiaren aldeko eredua eta eskaintza abertzalea nagusi izan dira. Baina ainitzez urrunago joan behar gira -ohartarazi zuten-. Euskal Herri euskaldun, jasangarri, solidario, justu, feminista, demokratiko eta burujabe bat lortzeko, mugimendu abertzalean jende gehiago antolatzea baitezpadakoa da. Hori da gaur zabaltzen dugun deia».

Bake prozesua aitzinatzeko eman diren «pauso handiak» ere txalotu zituzten, eta bide horretan segitzeko gogoa berretsi zuten: «Oraindik denak ez baitaude etxean. Eta helburu hori lortu arte segituko dugu lanean», helarazi zuten.

«BOTERE HANDIAGOA»

Burujabetzarena izan zen, edozein kasutan, azpimarra nagusia. Ekimen honen bultzatzaileek EH Baik abenduan plazaratutako autonomia proposamenari edota Batera birfundatzeko asmoari erreparatu zieten igandeko aurreko mezuetan, batak zein besteak jauzi bat emateko gogoa islatzen dutelako.

«Orain arteko proiektu konkretuak sendotu eta berriak plantan ezarri behar ditugu, egunez egun burujabeago izan gaitezen -aipatu zuten atzoko hitzartzean-. Gure etorkizuna hemen erabaki nahi dugu, orain eta etorkizunean. Orain da momentua konpetentzia gehiago emango dizkigun instituzio berri bat aldarrikatzeko. Orain da momentua Ipar Euskal Herriak botere handiagoa izan dezan gure indarrak mobilizatzeko», nabarmendu zuten.

Estatuko eta nazioarteko egoerari buruzko aipamena ere egin zuten ekitaldi nagusian, Euskal Herriaren nazio gisako erronka nolabait biderkatzen duelako: «Elgarrekin egin behar dugu, jokoan asko dugulako. Bihurgune klimatiko, kultural, sozial, politiko eta demokratikoa bizi dugu. Hitz gutitan, sistema kapitalistak sortu duen zibilizazio krisi larria. Eta orain, eskuin muturrak eta bere ideia atzerakoiek are gehiago larritu dezakete egoera. Jokoan dira oinarrizko baloreak eta gure jendartearen kohesioa», ohartarazi zuten.

Honakoa gaineratu zuten: «Garai historiko hau aukera bilakatu behar dugu. Euskal Herriak erantzun sendo eta ausartak eman behar ditu».