OIHANA AZKUE
Entrevista
Ainhoa URIEN
Idazlea

«Dikotomiak dialektikan jartzetik aliantza interesgarriak atera daitezke»

“Ehun zaldi trostan” (Elkar) ipuin-liburua argitaratu berri du Ainhoa Urienek (Abadiño, 1995). Dikotomiak zalantzan jartzera datorren lana da, eta dikotomien arteko jolas eta hibridazioaren erakusgarri aldi berean. Eleberri trazak dituen ipuin bilduma.

(Maialen ANDRES | FOKU)

 

Zazpi ipuin jasotzen ditu Ainhoa Urienen ‘‘Ehun zaldi trostan’’ liburuak. Aspalditik esan nahi zituenak esateko bidea eman dio horietariko bakoitzak. Bulkadei tiraka eta literatura-generoen elkarrizketan sortzen den eremuan jostari idatzitako lana izan da.

Irene da liburuari izena ematen dion ipuineko protagonista. Lehen pasartean, mahaiaren bazterrean agertzen zaigu...

Irene pasarte horretan bazterrean dago, baina momentu horretan eta egoera horretan da bere lekua bazterrekoa; gero beste momentu batzuetan zentrokoa ere bai, eta uste dut hori ere badela gure harremanen eta mugimenduaren parte: batzuetan bazterrean zaude, hala nahita ala behartuta edo besterik ez duzulako, egoeraren arabera. Eta beste batzuetan zentroan zaude eta zuk ere baztertzen dituzu beste batzuk. Uste dut pixka bat hori ere liburuan zehar islatzen dela, beste momentu batzuetan Irenek ere bere zentralitatetik beste batzuk bazter uzten dituelako.

Aldakortasun kontzeptua bada liburuko ipuin guztiak nolabait zeharkatzen dituen hari bat?

Izan daiteke aldakortasuna, mugimendua beharbada. Azken batean, bizitza mugimendua dela, bai bizitza organikoki ulertuta, bai bizitza filosofikoki ulertuta ere. Bizitza nik behintzat mugimendutik ulertzen dut. Eta esango nuke ipuin guztiak zeharkatzen dituela pixka bat mugimendu horrek. Pertsonaiak asko mugitzen dira, bai fisikoki, baina baita beraien aldartez ere. Mugimenduan daude. Eta ipuinak ere elkarrizketan daudenez, ipuin batetik bestera pertsonaiak batzuetan errepikatu egiten dira eta horretan ere mugimenduak daude.

Ipuin bakoitzak badu bizitza propioa, baina badago elkarren arteko elkarrizketa bat ere. Sormen lan hau planteatzeko garaian izan zitekeen aukera bat eleberri generoaren alderantz jotzea, kapituluetan banatuz bideratzea. Alabaina, ipuinen aldeko hautua egin duzu.

Egia esan, hasieran nobela bat neukan buruan. Liburuko lehenengo ipuina dena idatzi nuenean, buruan neukan gauza bat zen horri jarraipena ematea, nobela baten itxura emanez. Baina gero beste hainbat baldintzarengatik, eta tartean izan zen ikusten nuelako ipuin horretan badaudela elementu asko bizitza propioa izan zezaketenak edo garapen propioa izan zezaketenak, pentsatu nuen funtziona zezakeela ere ipuin autonomoekin. Beraz, hasi nintzen nobelaren ideiarekin eta bukatu dut ipuin liburu bat egiten, eta uste dut tartean gertatu den elkarketa hori ere badela emaitza.

Ipuin-liburu bat da, zazpi ipuin dauzka eta autonomoak dira beraien artean. Ipuinek badaukate izate propio bat, baina gero badago lotura bat. Eta gustatzen zait ere literatura-generoak hibridatu direla zentzu horretan, nobela traza daukan ipuin-liburu bat da. Interesatzen zitzaidan literatura-genero horiek elkarrizketan jartzea. Liburuan dialektika asko daude ustezko dikotomia batzuen inguruan. Eta esango nuke batzuetan literatura-generoak ere dikotomian ulertzen ditugula, edo behintzat bai gauza oso jakin eta berezitu bezala. Zergatik ez pixka bat elkarrizketan jarri eta batak besteari eman ahal diotena elkarrekin jarri.

Inpresioa da dikotomia horiek ez dituzula aurkezten horrenbeste bata edo bestearen alde egiteko. Gehiago dela dikotomia hori bera ere ezbaian edo zalantzan jartzeko?

Bai. Ez dakit zalantzan jartzea den, baina bai gutxienez elkarrizketan jartzea. Askotan sentsazioa daukat dikotomia bezala ulertzen ditugun gauzen edo aldebikotzat ulertzen ditugun gauzen narratiba ere beti kontrakotasun edo antonimotasun horretatik eraikitzen dugula. Interesatzen zitzaidan horiek elkarrizketan jarri eta batak besteari zer eman diezaiokeen ikustea. Uste dut nagusiki badela baserriaren eta hiriaren arteko dikotomia, baina gero badaudela hor beste biko joera batzuk ere. Joan eta etorri, gelditu eta ihes egin izana edota izena eta izana. Badaude hor askotan elkarrengandik bereizita ulertzen ditugun kontzeptu batzuk, igual aurrekoarekin lotzeko pixka bat ere nobela eta ipuin-liburua izan daitekeena. Interesatzen zitzaidan ez hainbeste dikotomia horiek haustea; gehiago zen elkarrizketan jartzea. Dialektika esploratze hori. Beharbada, nire testuinguru soziopolitiko honetan, pixka bat nekatuta nagoelako gure bizitza politikoa ere trintxeretatik ulertzeaz. Uste dut Euskal Herrian hori asko gertatzen dela. Nahi nuen ikusi lubaki horiek non, nola, jartzen diren elkarrizketan. Batzuetan lubaki itxitzat hartzen ditugun bando horiek ere uste dugun baino antzekotasun gehiago dituzte. Antzekotasun horietatik edo dialektikan jartze horietatik ere aliantza interesgarriak sor daitezke. Hori bilatu nahi izan dut.

Aldakortasun edo mugikortasun kontzeptu horren baitan ere norbera ere momentu batzuetan dikotomia horietan aurki daiteke lubakiaren alde batean edo beste aldean?

Bai. Beharbada, kontzeptu belikoak ari naiz ekartzen, baina bai, lubakien artean gelditzen den lur zati hori, inorena ez den hori, interesatzen zait. Hor zenbat gauza ernatu daitezkeen, norberaren atzera-aurrerak horretan ari dela. Eta liburuan ere protagonistak edo ardatz den pertsonaia horrek egiten du bide bat alde batetik bestera. Eta bide hori ere habitatzen dugu, bide horretan ere gauzak daude, ez dela bataren eta bestearen artean dagoen desertu bat.

Liburu hau idazteko garaian zenbaterainoko pisua izan du ofizioak eta zenbateraino intuizioak, Ainhoa?

Nik uste dut memoria ariketa bat egin dudala pasarte askotan, eta hau Annie Ernaux-i irakurri nion, berak memoria ariketak egiten zituela, ikusi eta entzundako gauzak berrikusi eta gero hori ekoitzi. Memoria ariketa batzuk egin nituen eta ikusi, entzun eta bizitako gauza batzuk berrikusi eta gero hori ekoitzi, hori fikziora ekarri. Memoria ariketa hori kasu batzuetan animaliekiko harremanaren ingurukoa izan da. Baserrian animaliekin harremanak izateak ekartzen du mundu-ikuskera jakin bat. Gainera, uste baino errazagoa egin zait animalia espezieen arteko harreman horiek desplazatzea pertsonen arteko harremanetara, nola harremantzen garen gu.

 
«Nora joaten dira usainak dauden lekutik desagertzen direnean?». Pasartea «Izenaren usainean» ipuinetik hartutakoa da. Usainak ere ezin aipatu gabe utzi liburu honetaz hitz egitean.

Usaimena nahiko gai errepikatua da liburuan. Uste dut nahiko ahaztuta izaten ditugula, oro har, gure bizitzan usainak. Eta uste dut usainak ematen duela non egote bat, baduela gaitasuna zu norabait eramateko. Kuriosoa da ipuin hori sortu nuela esaldi horretatik, galdera hori sortu zitzaidalako. Usain bat izango nuen nonbait eta jada ez zegoen. Eta orduan pentsatu nuen: ‘‘Eta nora joan da?’’. Eta idazteko prozesua ere hori izan da: batzuetan bulkada batetik, txispa batetik, sortutako esaldi edo pentsamendu pildora batetik, hortik tira egin eta idatzi, idatzi eta idatzi, eskuz gainera. Hasierako idazketa hori bada nolabait helburu argirik ez duena. Baina gero bazoaz bidea ikusten. Hori da, behintzat, nire idazteko era.

Kuriosoa da, zeren liburua irakurtzean iruditu zitzaidan oso idazteko modu organikoa daukazula...

Ni erosoago sentitzen naiz helburu jakinik gabe idazten, pixka bat utziz joaten. Eta errazagoa egiten zait eskuz idazterakoan joaten uztea. Iruditzen zait ordenagailua kontu formalagoa dela nire buruan.

Ipuinen izenek ere aparteko kapitulu bat merezi dute: «Olinpiadek lasaitu egiten naute», esate batera.

Olinpiadak gertatzen ari ziren hau idazten ari nintzen momentuan, eta justu lagun batekin ari nintzen Whatsappetik. Idazketa prozesuarekin ataskatuta nengoela kontatzen ari nintzen . ‘‘Ba pixka bat ataskatuta nago... baina bueno, oraintxe olinpiadak hasten dira eta lasaitu egiten nau’’, idatzi nion. Eta orduan esan nuen: ‘‘Hor izenburu bat dago!’’. Uste dut bizitza gertatzen egoteak asko laguntzen duela idazketa prozesuan eta hor ezinbestekoa dela, niretzat behintzat, lagunen babes hori izatea. Geruza diferenteetako babesa izan arren.

Ipuin bakoitza marrazki batez lagunduta dator.

Aitane Goñik egin ditu marrazki eder horiek. Aitane lagun handia eta ilustratzaile oso ona da; Instagramen dauzka bere lanak erakusgai. Niri ilusio handia egiten zidan bera ere liburuaren parte izateak. Eta liburua irakurri zuen eta prestatu zituen ipuin bakoitzaren hasierarako marrazki horiek. Niretzat oso ederra da bera, bere marrazkiak, hor egotea, nahi nuelako bera nolabait hor egotea. Baina, batez ere, horren aitzakian eta bere marrazkien bidez lagundu didalako hitzei beste leku batetik begiratzen. Zinemarekin ere askotan pasatzen zait eta ilustrazioarekin ere pasatzen zait bat-batean ikusten dudala beste begirada bat dagoela hor, hitzetatik kanpoko gauzetan badagoela beste begirada bat gauzei begiratzeko.