Mugaz gaindiko autobus zerbitzuak %77 erabiltzaile gehiago ditu
Txik Txak mugaz gaindiko autobus zerbitzuaren erabiltzaile kopurua %77 hazi da, Irungo Udalak eta Ipar Euskal Herri-Aturriko Mugikortasunen Sindikatuak hiriarteko garraioa hobetzeko eta maiztasuna handitzeko sinatu zuten hitzarmenari esker. Hain zuzen, linearik zuzenenaren zerbitzua nabarmen hobetu da: lehen, autobusak 50 minutuan behin ibiltzen ziren eta, orain, berriz, 30 minutuan behin.
Zehazki, 15 zenbakiko lineako autobusak (lehengo 31 zenak), Irungo San Juan plazaren eta Hendaiako Zahar Etxearen artekoak, astelehenetik larunbatera, 30 minutuan behin ibiltzen dira, 7.00etatik 20.30era, eta, igandeetan, 60 minutuan behin, 8.00etatik 20.00etara. Gainera, ekainetik irailera, azken autobusa 23.30ean abiatzen da. Bestalde, ibilbidea sinplifikatu da, horren iraupena laburtzeko. Beste linea batek, 14 zenbakikoak (lehengo 33ak), Behobia eta Sokoburu komunikatzen ditu.
2016an jarri zen martxan egitasmoa, Hendaia eta Irun komunikatzeko. Lehen hitzarmena bezala, berria ere zortzi urterako sinatu dute, 2032. urte bukaerara arte. Atzo egin zuten izenpetzeko ekitaldia eta han izan ziren Cristina Laborda Irungo alkatea, Ipar Euskal Herri - Aturriko Mugikortasunen Sindikatuko buru Jean-François Irigoyen, Elkargoko kontseilari eta Europako eta mugaz gaindiko lankidetzaren arduradun Joseba Erremundeguy eta Hendaiako alkate Kotte Ecenarro.
Mugaz gaindiko zerbitzua, garraio zerbitzu publikoa arrazoizko prezioan eskainiz, mugaren bi aldeetako biztanleak konektatzeko nahiaren emaitza da.

Piden cuentas por la contratación pública de dos directivos de Solaria

El PNV cesa a tres ediles de Getxo imputados por el derribo del palacete

Euskal Estatua helburu, egitekoa eta zuzendaritza eraberritu ditu Sortuk

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»
