GARA
ZUMAIA

Etxebizitza turistikoen kopurua %36 murriztea lortu du Zumaiak

Zumaiako Udalak etxebizitza turistikoak erregulatzeko martxan jarritako araudiak horien kopurua nabarmen murriztea ekarri du. Prozesua hasi aurretik 56 pisu turistiko zeuden eta gaur egun 37k baino ez dute legeztatzeko eskaria egin. Alkatearen esanetan, «etxebizitzen erabilera soziala lehenesteko» aukera emango du araudiak.

Etxebizitza turistikoen kopurua %36 murriztea lortu da Zumaian: prozesua abiatu zenean 56 etxebizitza turistiko zeuden herrian, eta horietatik 37k bakarrik eskatu dute beren egoera legeztatzea; beraz, gaur egun 19 etxebizitza turistiko gutxiago daude herrian. Araua onartu zenetik lizentzia eskaera bakarra egon da; kontsulta gehiago ere egon diren arren, mugak ikusita, ez dute aurrera jarraitu.

2024ko apiriletik Zumaian indarrean dagoen araudi berriak etxebizitza turistikoena jarduera ekonomiko gisa arautzen du. Arauak muga zorrotzak jartzen ditu, helburu argi batekin: bizilagunen bizi-baldintzak bermatzea, etxebizitzaren erabilera soziala lehenestea eta etxebizitza turistikoen neurrigabeko hazkundeari ateak ixtea.

Etxebizitza turistikoak eraikin bateko lehenengo solairuan bakarrik egon daitezke -lehen solairuan ez badaude, sarrera independentea izan beharko dute-, eta betiere eraikin osoaren azaleraren kopuru bat gainditzen ez badute.

Bestelako mugak ere jasotzen ditu arauak; esaterako, beheetan eta lokaletan ezin da jarduera hori gauzatu, ezta pertsonarik erroldatu ere: ezin da ohiko bizilekua izan.

«ERAGINKORRA»

Etxebizitza turistikoen erregulazioa eta arauan jasotako mugak eraginkorrak izan direla uste du udal Gobernuak. Iñaki Ostolaza alkatearen esanetan, araudiak aukera emango du «etxebizitzen erabilera soziala lehenesteko» eta etxebizitza turistiko kopuru «jasangarri» bat mantentzeko.

Azken urteotan halako jarduerek gorakada handia izan dute: 2016an zazpi etxebizitza turistiko erregistratuta zeuden herrian. Alkatearen esanetan, bi aukera zeuden egoera horretan: «Etxebizitza turistikoak neurrigabe handitzen ikusten jarraitzea, geldi; edo egoera ondo aztertu eta neurri eraginkorrak bilatzea».

Bigarren aukera horren alde egin zuen udal Gobernuak eta, erregulazio mota hauen inguruan azken urteotan izandako gorabeherak gaindituta, «asmatu» dute nola egin.

Udalak azaldu duenez, arauaren helburuetako bat bizilagunen eguneroko bizitza kalitatea bermatzea da; izan ere, etxebizitza turistikoen jarduerak eragina izaten du bizilagunen atarietan.

Zumaiako Udalak ezarritako arauaz gain, atarietan har daitezkeen bestelako neurriak ere egon badaude: jabeen komunitateek aukera dute beren eraikinean etxebizitza turistiko berriak ez ezartzeko erabakia hartzeko, baldin eta portaleko jabeen artean hala erabakitzen bada. Neurri hau etorkizuneko baimen berriei soilik aplikatzen zaie.