Gaizka IZAGIRRE
HERNANI
THE END

Apokalipsiaren melodietan galduta

Azken hilabeteotako film musikal ezohikoen bideari jarraiki (“Emilia Perez”, “Polvo Serán”, “Joker 2”), “The End” proposamen bitxia iritsi da. Mundua amaitu eta bi hamarkada geroago gatz-meatze batean eraikitako luxuzko bunkerrean bizi den familia bati buruzkoa da.

Premisa apokaliptiko horren gerizpean genero musikalaren elementuak topatuko ditugu. Lurpeko mundua, purgatorioaren antzeko bunker klaustrofobikoa dena, egungo giza komunitateei eta errealitateari buruzko alegoria bat sortzeko erabiltzen du zuzendariak; betiere bere izaera musikala inongo momentutan alboratu gabe.

Pelikulak konplazentzia kapitalistari buruzko satira eskaini nahi badu ere, pertsonaiak nahiko lauak dira eta antzezpen lanek, batez ere musika interpretazioek, ez dute lortzen beharrezko sakontasun emozionala transmititzea. Aktoreen lana hamarrekoa da, baina zerbait galtzen da bidean, apokalipsiaren melodietan galduta egongo balira bezala.

Lanak duen originaltasuna eta gaiaren sakontasuna azpimarratzekoak dira, baina une batetik aurrera oso film nekagarria da. Pelikularen iraupen luzeegiaren erruz mezua lausotu egiten da eta bere antzerki-estiloak indarra kentzen dio osotasunari.

Hollywoodeko zinema klasikoaren elementuak narratiba distopiko batekin fusionatzeko saiakera ere txalogarria da, baina mezuan eta tonuan ez dago argitasunik.

Musikal itxurako satira apokaliptiko interesgarria da, baina emaitza estiloen nahaspila disonantea da, eta oso gutxitan lortzen du emozionalki eta narratiboki ikuslearekin konektatzea.

Proposamen zinematografiko zinez ausarta da, baina ez du bere helburua betetzen. Nahasgarria eta nahiko nekagarria da.