Miranda-Altsasu zerbitzua behingoz abiatzeko deia
Miranda eta Altsasu lotuko dituen tren zerbitzua martxan jartzeko eskatu dio beste behin EH Bilduk Lakuari. Urte hasieran Gasteizko Gobernuak eskuratu zuen eskumena, eta udaberrirako abian jarriko zuela hitzeman zuen. Oraingoz, ordea, ez dago datarik.

Miranda eta Altsasu arteko aldiriko tren zerbitzua «lehenbailehen» martxan jartzeko eskatu zion atzo EH Bilduk Lakuako Gobernuari. Izan ere, joan den urtarrilaren 1ean, Gasteizko Exekutiboak bere gain hartu zuen aldirietako tren-zerbitzuen eskumena, eta udaberri honetarako zerbitzu hori martxan egongo zela agindu zuen. Baina, oraingoz, ez dago abian jartzeko datarik.
«Lakuan egindako azken kontroleko osoko bilkuran, eta EH Bilduren galderei erantzunez, sailburua ez zen gai izan martxan jartzeko datarik emateko. Horregatik, Arabako erakundeetatik azkartasuna eskatu nahi diogu Lakuari, baita prozesu hau guztia gure erakundeak kontuan hartuz egin dadila», esan zuen prentsaurrekoan Rocio Vitero koalizioak Gasteizko Udalean duen bozeramaileak.
SEI HILABETETAKO EPEA EZARRI ZEN
EH Bilduren Arabako Batzar Nagusietako bozeramaile Eva Lopez de Arroyabek, bestetik, gogorarazi zuen ez dela bete 2024ko ekainean onartutako mozioa. Bertan, besteak beste, erakunde arteko lantalde bat martxan jartzea proposatu zen, bai erakunde eskudunekin, bai zerbitzu hori mar- txan jartzeko hala eskatzen duten Arabako udalerriekin. «Horretarako sei hilabeteko epea ezarri bazen ere, orain arte ez da jakin lantalde hori sortu denik», nabarmendu zuen.
Bestalde, mozioan, Lakuari Arabako geltoki edota geraleku guztien inbentarioa egiteko eskatu zitzaiola gogorarazi zuten bi ordezkari subiranistek; «eskura ditugun azpiegiturak eta egungo egoera ezagutuz, udalerriekin lankidetzan, trenbide zerbitzu berri horren barruan geltoki berriak ezartzeko aukera eta beharra aztertzeko». «Ia urtebete igaro den honetan, kezkaz ikusten dugu erreklamazio horiek ez direla bete», azaldu zuten, alde horretatik.
Gaineratu zuten Araba erdialderako aldiriko trena «funtsezko elementua» dela lurraldearen kohesioa eta mugikortasun jasangarria bermatzeko. «Ez dugu ulertzen gai horretan izandako atzerapena eta azalpenik eza; egoera horren aurrean ez gara geldirik geratuko, eta, horregatik, gaur iragarri nahi dugu berriro eskatuko diegula erakundeei arabarren beharrei erantzuteko eta adostutakoa betetzeko», adierazi zuten Viterok eta Lopez de Arroyabek.
EKIMENA UDALEAN ETA BATZAR NAGUSIETAN
Horiek hala, EH Bilduko ordezkariek iragarri zuten ekimen bat eramango dutela Arabako Batzar Nagusietara eta Gasteizko Udalera, erakunde arteko lantalde hori abian jartzeko, orain arte izandako geldialdien inbentarioa egiteko, egitasmoan zer hobekuntza egin behar diren aztertzeko, geraleku berrien ezarpena aztertzeko eta prozesu hori guztia trenbide-korridoreko tokiko erakundeekin lankidetza estuan egiteko.

Sufrimenduaren zikloa ixteko etxeratzea, gazteenen eskaria

Bilbo se moja por el fin de la «injusta legislación de excepción» carcelaria

«El algoritmo se ha erigido en una arma de guerra»

A Xabi Alonso y al Real Madrid se les rompió el amor de tanto usarlo
