Arnaitz GORRITI
BILBO
SURNE BILBAO BASKETEN JAI ETA OSPAKIZUNA

Bilbon bada beste erreferente bat

Eguzki galdatan hasiera batean eta euritik ihesi ondoren, 6.000 lagun baino gehiago bildu ziren Bilboko udaletxearen eta Foru Jauregiaren aurrean, Surne Bilbao Basketek irabazitako FIBA Europe Cup torneoaren garaipena ospatzen. Nazionalitate asko izanagatik, denak bilbotar, «une zailenetan erakutsitako batasunaren» saria izan dela berretsi zuten jokalari, zuzendari eta zaleek.

Iturbe, Ponsarbau, Aburto eta Rabaseda, jokalariak eta zaleak, denak garaikurrarekin.
Iturbe, Ponsarbau, Aburto eta Rabaseda, jokalariak eta zaleak, denak garaikurrarekin. (Monika DEL VALLE | FOKU)

«Duela lau hilabete, Bilboko udaletxeko Arabiar Aretoan izan zineten Bilbao Basket Bilboko enbaxadore izendatzeko. Orain, Bilboko erreferente ere bazarete FIBA Europe Cup torneoaren garaipena lortuta». Juan Mari Aburto Bilboko alkatearen berbak ziren horiek, Surne Bilbao Basketeko familia osoa osatzen duten jokalari, entrenatzaile, arduradun eta langileen aurrean, horietako zenbait, azken 25 urteetan buru-belarri klubari lotuta, baita unerik estuenetan ere. Baina atzo estuasunak beste baterako geratu ziren, ospatzeko garaia izan baitzen.

«Igandeko Murtziaren aurkako partida prestatzeko gogotsu gaude, baina lehenengo FIBA Eurocup honi merezitako amaiera eman behar diogu ospakizun honekin», gehitu zuen Jaume Ponsarnau entrenatzaileak, neurri handi batean udaletxeko balkoira atera zirenen artean txalorik handienak jaso zituen pertsona, baita jokalarien gainetik ere.

ASKOREN EKARPENA

Pixkanaka hurbildu ziren zaleak, azkenerako 6.000 lagun baino gehiago elkartu baziren ere, Udaltzaingoak emandako datuen arabera. Hirukoa peñakoak, 2001etik martxan, izan ziren goiztiarrenak. Eguzki galdatan egonagatik ekaitzagatik abisu horia 18.00etatik aurrera martxan jarriko zela jakin arren, aurreneko ilaran jarri ziren eta neurri batean ospakizuneko giroa berotzeko ardura hartu zuten.

«Garaipen guztiak ospatzekoak dira, baina hau berezia da, zalantzarik gabe», gaineratu zuen Ponsarnauk zaleen aurrean. «Gaizki pasatzen izan garen tarteetan ere elkarrekin izan gara. Zaleen laguntzari esker gure ‘otso taldeak’ erresilientzia handia duela erakutsi du, eta kide guztiek zerbait eskaini ahal izan diote taldeari, Horregatik, inoiz baino gehiago, taldearen garaipena da hau», azpimarratu zuen Tarregako entrenatzaileak.

«Taldea hiriarekin erabat identifikatzen da, leku ezberdin askotatik bagatoz ere. Azken bost urteetan irabazi dudan aurreneko garaikurra da hau eta unea gozatzea garrantzitsua bada ere, titulu hau besterik gabe irla bat bezalakoa ez dadila izan espero dut», gaineratu zuen Tomasz Gielo hegaleko pibot poloniarrak.

Preseski eratutako autobus batean Foru Jauregira joan ziren jokalariak, bai eta zale asko ere. Euriak arratsaldea itsustu bazuen ere, atzo Bilbon ez zen aldaparik.