Fededun bihurtuko, baldin eta…
Bide guztiak doaz Erromara. Omen! Amen! Segurua dena da azken egunetan hedabide asko joan direla hara. Aita Santua hil egin da; iktus bat, antza. Hil baino ordu gutxi lehenago Etxe Zuriko presidenteordearekin izan zen solasean… susmagarria oso, kausa-efektua ote den, zerumuga-zergak gorabehera. Nik esatearren…
Harira, demonio, Murgoitio! Fedea gaztetan galdu genuenontzat heriotza lurreko bizitzaren azken hatsak dakarren azkena da, amaiera-estazioa. Hauts bihurtu eta agur ben-hur! Fededunontzat, ostera, bestelako bizitzaren abiapuntua, zerurako irteera-operazioa. Tira, onena desio diet horiei, gehienei behintzat, baina fede horrek ez nau konbentzitzen, ume txotxolo garaian sotanadun batzuk nirekin saiatu arren. Baina hain zuten narratiba alegiazkoa orduantxe hasi nintzela ni lurrekoa defendatzen eta zeruko jaungoikoaren eta bere lege zaharren gainean ‘kawenka’ egiten. Hori bai, plan onean!
Ez dakit, beharbada, nire azken hatsaren ostean (portzierto, nire autopsian presente egon nahi nuke) derrepentean, hara! sinetsi nahi ez nuen paradisuan nagoela, urteko ardo beltza eskuan eta lehen bainuontzi izandako oraingo dutxa batean! Ez dakit, baina paradisua izatekotan ere ez ninduke harrituko hiriko auzogune batzuk tentsionatuta egon eta fiskalez betetako paradisua izateak.
Baina begira, orain Erroman hasiak direla kedar-garbitzaile baten bila, fumataren zuria bermatzeko, eta Koliseoan konklabean bildu behar direla kardinalak (batzuei tritio proba eginda benetako adina finkatzeko), esango balidate Vatikanoko hurrengo CEOa emakumezkoa izango dela eta ostiak banatzeko irizpide berriak ezarriko dituela… zin dagit fededun bihurtuko nintzatekeela, legegintzaldi batean sikiera, badaezpada, ez dadila gertatu konbentzitu egiten nautela!
Fallo contra un fraccionamiento de contratos del Ayuntamiento de Getxo

Irainak txapeldunari bere hizkuntza erabiltzeagatik

«Usaban a Dios para someter a las internas, para meternos miedo»

«Prohibir las redes sociales a los adolescentes les infantiliza»
