GARA
IRUÑEA

Sare: «Puzzle zati guztiak kokatzea da herri honek duen beharra»

Apirileko azken ostiraleko elkarretaratzeetan Sarek azken asteetako gradu erregresioak ekarri zituen gogora. Horretaz gain, maiatzaren 17an eta 18an gauzatuko duten ekimena oinarri hartuta, «puzzle zati guztiak puzzlean kokatu» behar direla aldarrikatu zuen.

Lesakan egin zuten elkarretaratzea.
Lesakan egin zuten elkarretaratzea. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Urteak orain arte emandakoak aztertu eta aurrean dituzten erronkei begira jartzeko baliatu zituen Sarek apirileko azken ostiraleko elkarretaratzeak, zeintzuetan 2.500 lagun bildu dituzten Euskal Herriko herri eta auzoetan.

«Aurrerapausoak ematen jarraitzeko urtea zela esan genuen urtearen hasieran eta eskatutako bidetik hasi dugu urtea», baieztatu zuen giza eskubideen aldeko herri antolakundeak. Alde horretatik, gaur egun, euskal preso politikoen ia erdiak erregimen irekian ari direla zigorra betetzen ekarri zuen gogora. «Horrek, praktikan, egunero kalea zapaltzen ari direla esan nahi du». Hau «orain urte batzuk pentsaezina» zela azpimarratu zuen eta hori «euskal gizarte zabalaren babes eta bultzadarik gabe gauzaezina» izango zela nabarmendu zuen.

ESPERO GABEKO BERRIAK

Hala ere, irakurketa positibo horren aurrean, 2025 honetan «inondik espero ez» zituzten berriak ere izan direla aitortu zuen Sarek. «Orain bi urte Auzitegi Nazionaleko fiskalak ohiko zituen jokabideak ekarri dizkigu gogora», adierazi zuen, Xabier Zabalo eta Josu Narbaezen gradu erregresioak salatuz.

Zabalo zumarragarra espetxera itzuli zen martxoaren hasieran bigarren gradurako erregresioa jasan ondoren. Lakuak eta Zaballako Espetxe Zaintzako Batzordeak hirugarren gradua onartu zioten, baina ANko Fiskaltzak helegitea aurkeztu zuen. Apirilean, gauza bera gertatu zitzaion Josu Narbaez iruindarrari, eta Martuteneko kartzelara bueltatu behar izan zuen.

«Jarrera horiek, euskal presoen etxerako bidea oztopatu besterik ez dute egiten eta, beraz, gatazkak utzitako ondorioen konponbidea luzatu eta etorkizunera begira jartzea eta elkarbizitza agertokiak oztopatu», gaitzetsi zuen.

LESAKATIK IRUÑERA

Analisi horrekin abiatuko dute «mugarri» izatea nahi duten “Puzzlea osatu arte!” dinamika. Maiatzaren 17 eta 18an ekintzak egingo dira Lesakatik Iruñera arteko 29 herritan, zigorra erregimen itxian betetzen ari diren 58 presoen herrietan. Lege arrunta aplikatzea eta «etxera itzultzeko bidea hastea» eskatuko dute.

«Puzzleko pieza batzuk kokatu ditugu. Azkena jarri arte jarraituko dugu lanean», defendatu zuten ostiralean.