GARA
OTTAWA

Liberalek abantaila hartu dute, Trumpen mehatxuek markatutako hauteskundeetan

Donald Trumpek protokolo diplomatikoak hautsi eta Kanadaren anexioa berriz ere mahai gainean jarri zuen atzo, 29 milioi kanadar Parlamentua aukeratzera joan ziren egunean bertan. AEBko presidentearen mehatxuek Mark Carneyren Alderdi Liberala faborito bihurtu dute, Pierre Poilievre buru duen Alderdi Kontserbadorearen aurrean.

Pierre Poilievre kontserbadorea eta Mark Carney liberala, aurrez aurre.
Pierre Poilievre kontserbadorea eta Mark Carney liberala, aurrez aurre. (Geoff ROBINS- Andrej IVANOV | AFP)

Kanadarrak hautetsontzietara joan ziren atzo, askok Donald Trumpen adierazpenengatik garrantzitsutzat jotzen dituzten hauteskundeetan. AEBko presidenteak berriz hautsi zituen protokolo diplomatikoak eta atzo Kanadaren anexioa mahai gainean jarri zuen. Haren mehatxuei erantzuteko, inkestek diote kanadarrek garaipena emango diotela Mark Carney lehen ministroaren Alderdi Liberalari.

“Truth Social” sare sozialean argitaratutako mezu batean Trumpek Kanadako politikan esku hartu zuen berriro, «zergak erdira moztu, botere militarra doan handitu eta autoak, altzairua, aluminioa, egurra, energia eta beste sektore guztiak tamainaz laukoiztuko» dituen gizonarentzat botoa eskatzean. Horretarako, presidenteak esan zuen Kanada «Amerikako Estatu Batuetako 51. estatu maitea» bihurtu behar dela.

Kargua hartu zuenetik Trumpek Kanadaren anexioaren alde egin du, baita AEBren «indar ekonomikoa» erabilita ere, eta hauteskundeen egunean Mark Carney lehen ministroak eta Pierre Poilievre oposizioko buruak adierazpenak egin behar izan zituzten, AEBko presidentearen azken esku hartzea arbuiatzeko.

Trumpen mehatxuez gain, larunbatean Vancouverren 11 lagun hil zituen auto harrapaketak zentralitatea hartu du Komunen Ganberako bozetan, non, inkesten arabera, liberalak faboritoak ziren atzo.

Izan ere, Trumpen gerra komertzialak erabat aldatu du Carneyk, Justin Trudeauk lehen ministro kargua utzi ostean, aurkitu zuen dinamika. Alderdi Liberala kontserbadorea baino 25 puntu beherago egon zen inkestetan, baina Nanos Researchek igandean plazaratutako inkesta baten arabera, botoen %42,7 lortuko ditu Alderdi Liberalak.

Gaur goizaldean hauteskundeen lehen emaitzak argitara ematen hasiko dira, eta ikusteko dago Alderdi Liberalak gehiengo osoa izateko 172 diputatuak erdiesten dituen.

Momentuz, zazpi milioi pertsonak baino gehiagok aldez aurretik bozkatu zuten, aurreko hauteskundeetan baino %25 gehiagok.