Abian da gutxieneko soldata propioa lortzeko sinadura bilketa
Hego Euskal Herriko gehiengo sindikalak gutxieneko soldata propioa lortzeko sinadura bilketa abiatu du. Amaitutakoan, EAEko eta Nafarroako Legebiltzarretan eztabaidatu eta onartu beharko litzateke, Kongresu espainolean aurkeztu eta onartu ahal izateko.

ELA, LAB, ESK, Steilas, HIRU eta Etxalde sindikatuek Hego Euskal Herriko gutxieneko soldata propioa izateko eskumena eskuratzeko Herri Ekimen Legegilearen sinadura bilketa abiatu dute. Ekimena «mobilizazio erraldoi bilakatzea» da helburua, eta horretarako Hego Euskal Herriko langile guztiei dei egin diete euren sinadura ematera.
Sindikatuen arabera, gutxieneko soldata propioa izateak langileria guztiari mesede egingo dio, «bereziki eta zuzenean egoera zaurgarrienean daudenei: emakumeak, langile migratu eta arrazializatuak, gazteak eta aniztasun funtzionala duten langileak».
«Hego Euskal Herriko langileok, aberastasunaren banaketa orekatu nahi dugula eta langile guztiontzat bizi baldintza duinak defendatzen ditugula argi utzi dugu, patronal eta instituzioek bidezkoa eta egingarria den aldarrikapen bati baietza ematea beste aukerarik izan ez dezaten. Gutxieneko pentsioarekin batera, gutxieneko soldata lortzera goaz», nabarmendu dute.
BIDEA PARLAMENTUETAN
Langile estatutuaren aldaketa eskatu dute, Autonomia Erkidegoek Estatukoaren gainetik ezarriko den eta bertako egoerari erantzungo dion gutxieneko soldata bat ezarri ahal izateko.
Sinadura bilketa amaitutakoan, Euskal Autonomia Erkidegoko edota Nafarroako legebiltzarretan eztabaidatu eta onartu beharko litzateke, Kongresu espainolean aurkeztu eta onartu ahal izateko.
EAEn herri ekimen legegileak bere bidea egingo duen arren, Nafarroan Parlamentuko Mahaiak tramitera ere ez du onartu. Sindikatuek errekurrituta daukate, eta sinadura bilketa abian jarri dute, sinadurak eskuetan dituztenean alderdi politikoei eskatzeko legebiltzarrera eramatea.
Gutxieneko soldata propioa eskuratu ahal izateko bi bide landu dituzte sindikatuek. Bat, eskumen berriak eskuratzeko bidea, herri ekimen legegilearena. Bestea, egungo eskumenen barruan, Lanbidearteko Akordio baten bidez langile guztientzat gutxieneko soldata bat ahalbidetuko lukeena. Oraingoz Confebaskek eta CENek bide horri atea itxi die, eta horrexegatik sindikatuek biltzen dituzten sinadurak bi patronalei ere aurkeztuko dizkiete, «gutxieneko soldata propio baten alde dagoen gehiengoa dagoela argi erakusteko helburuz».
Kontuak horrela, honako eskariak egin dituzte: langileriari, euren sinadura eman dezaten; alderdi politikoei, herri ekimen legegilea babestu dezaten, Kongresu espainolerako bidea ahalbidetzeko; Confebask eta CEN patronalei, egungo eskumenekin posible den akordioari baiezkoa eman eta negoziazioak has ditzaten; eta Eusko Jaurlaritzari, gutxieneko soldata propioa errealitate bihurtzeko bere bitarteko guztiak aktiba ditzan».

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra
