GARA
DONOSTIA

Donostiako Udalak turismo tasarako behar den araua ezartzea eskatu dio Lakuari

Kontxako pasealekua, turista ugarirekin.
Kontxako pasealekua, turista ugarirekin. (Jon URBE | FOKU)

Donostiako Udalak dei egiten dio Lakuako Gobernuari «turismo tasa ezartzea ahalbidetuko duen arau esparrua berehalakoan ezartzea». Horrela agertzen da bozeramaileen batzordean EH Bilduk aurkeztu zuen eta onartu zen adierazpenean.

EH Bildurekin batera, EAJk eta Elkarrekin Donostiak adierazpenaren alde bozkatu zuten, PPk aurka eta PSE abstenitu egin zen.

Onarturiko adierazpenean, arau esparru horrek turismo tasa udalek kudeatu behar dutela gaineratzen da eta udal bakoitzari «hura ezartzeko eta lortutako diru sarreren xedea zehazteko, beharren eta lehentasunaren arabera», aukera ematea eskatzen da.

Adierazpenean gogoratzen denez, turismoa Donostiako barne produktu gordinaren %13,9 da, eta 15.000 lanpostu sortzen ditu. «Hala ere, lau donostiarretik hiruk ez dute sentitzen bere bizi kalitatea hobetu denik turismoa dela eta», ohartarazi du.

«ITZULERA SOZIALA BERMATZEA»

«Turismoa lehen mailako jarduera sozioekonomikoa da, eta, beraz, herritarren bizi kalitatea eta ongizatea hobetzen lagun dezake. Baina, horretarako, ezinbestekoa da turismo jardueraren itzulera soziala bermatzea, eta, alde horretatik, turismo tasa da tresnarik ezagunena», nabarmentzen du onarturiko adierazpenak, horrelakoak Europan aspalditik egin direla eta Donostian ere 1931n tasa ezarri zela.