GAIZKA IZAGIRRE
HERNANI
LA BUENA LETRA

Gisatu, josi eta isildu

Izen bereko eleberrian oinarritua, eta Celia Rico Clavellinok idatzi eta zuzendua, Loreto Mauleon, Enric Auquer, Roger Casamajor eta Ana Rujas dira protagonistak. Valentziako herri batean girotuta dago, gerraostean, non Ana (Loreto Mauleon) familiarekin aurrera ateratzen saiatuko den, baina hori ez da erraza izango; izan ere, bai Tomas (Roger Casamajor) bere senarrari, bai Antonio (Enric Auquer) koinatuari lana aurkitzea kostatu egingo zaie. Gerra zibilak zauri sakona ireki du familiako kide guztiengan, batez ere Antonio koinatuarengan. Ana zauri hori sendatzen saiatuko da, baina Isabel, Antoniorekin ezkondu berria, familiara iristen denean, Anaren arreta eta zainketek ezer gutxi balioko dute.

«Biziki hunkitu ninduen eleberriko protagonistaren kontakizunak; emakume hark, beste askok bezala, familia sostengatu zuen gure historiako garairik gogorrenetako batean», esan du Ricok prentsari egindako adierazpenetan. «Gure amona eta birramonetan pentsatu nuen, eta haietako baten ikuspuntutik pelikula hau egitea aukera polita izan zitekeela. Haiengandik espero zena bete zuten emakume anonimoak ziren, gisatu, josi eta isildu, familia batuta mantentzea edozein amets edo desio sakrifikatzearen kontura», adierazi du.