Gaizka IZAGIRRE
Zinema kritikaria

Prekaritatea etxez etxe

Rider deiturikoak nonahi eta ordu oro dabiltza gure kaleak zeharkatzen. Banatzaile horiek bizikletan, furgonetan edo motoan ibiltzen dira, eskaerak etxez etxe eramaten. Autoak eta semaforoak saihesten ikusten ditugu, minutu bakoitza garrantzitsua baita haientzat. Kalkuluen arabera, 2025ean, Europan 43 milioi pertsona enplegatuko dira plataforma digitaletan (garraioko jardueretarako, etxeko zerbitzuetarako eta elikagaien banaketarako). Hainbat ikerketen arabera, migratzaileak dira gehiengoa sektorean. Azpimarratu dute langileek askotan hamasei ordura arteko lanaldiak egiten dituztela, eta, lan istripuak izanez gero, dokumenturik ez dutenek medikura joateko beldurra dutela. Banatzaile hauen baldintzak hain dira gogorrak eta bidegabeak, egoera salatzeko helburuz, gaiak ikus-entzunezkoetara jauzi egin baitu.

Gaur bertan adibide interesgarria iritsiko da: “L'histoire de Souleymane” (“La historia de Souleymane”). Drama errealista da filmak aurkezten duena, eta denbora errealean eta kontzesiorik gabe azaltzen du Parisen bizi den Souleymane gazte etorkin ginearraren bizitza. Errefuxiatuak eta Aberrigabeak Babesteko Frantziako Bulegoarekin elkarrizketa erabakigarria izateko prestatzen ari den bitartean, Souleymanek janaria banatzen du bizikletan.

Filmak agerian uzten du errealitate gordin hori eta irmoki salatzen du bizi duten egoera.