XOLE ARAMENDI
Entrevista
GARAZI NAVAS
Soinu jotzailea

«Bertikalean entzuteko musika pieza da eta hau ez da ohikoena izaten»

“Pasabide bertikala: heriotzaren heriotza” proiektua ondu du Garazi Navas soinu jotzaileak Tabakalerako eskaileran. Espazioak berak ezarritako bertikaltasuna baliatuz, igarobide funtzio duen espazioan geldiunea egitera gonbidatzen du bisitaria, bertarako propio sortu duen musikaren bitartez. Gelditzeko beta hartu eta entzun.

(TABAKALERA)

Soinu esperientzia berezia proposatu dio bisitariari Garazi Navasek (Usansolo, 1995): “Pasabide bertikala: heriotzaren heriotza”. Tabakalerako sartu-irtenen gunean kokatu du bere instalazioa, eskailera nagusian, hain zuzen ere. Bertan egin ohi dira Scala egitasmoko proiektuak.

«Bertikalean entzuteko pieza da eta hau ez da ohikoena izaten. Bereziki espazio horretarako pentsatuta dago. Eskailera da, suposatzen da pasoko gunea dela, ez geldirik egotekoa, eta bertikalitate horretan gelditzera gonbidatzen zaitu. Eta entzutera, perspektiba ezberdinetatik, altuera ezberdinetatik. Ez dago entzuteko puntu onenik, bakoitzak nahi duen lekuan entzun dezake», adierazi du soinu jotzaileak ezer baino lehen.

Ikustea baino, entzutea baitu proiektuak bere funtsa, abuztuaren 17ra arte aditu daitekeena. Joan den apirilaren 3an zuzeneko saioa eskaini zuen, proiektua aurkeztuz.

ITZULERA

«Itzulgarria ez den aldaketa bakarra bezala agertzen da heriotza, baina begiradak desafio egiten dio haren transzendentziari, heriotza bera hilko delako», laburbildu du Navasek bere ideia.

Heriotzari bakarrik ez, begia edo belarria non jartzen dugunari ere erreparatzen dio sorkuntzak. «Tabakaleran sartu eta, nahi izanez gero, begirada artistikoa lortu dezakegu; eta handik irtendakoan bat-batean begirada ‘mundano’ bihurtzen da. Begirada hiltzen doa denbora guztian, eraldatzen. Prozesu guztiak itzul daitezke, eskailera bezala, igo eta jaitsi, edo bidean aurrera eta atzera joan». John Donneren (1572-1631) “Death be not proud” olerkian aurkitu zuen inspirazioa Navasek. Heriotza itzulerarik gabekoa den ideiaren aurka egiten du bizkaitarrak. «Eskailera zuria ikusi eta sinesmen judu-kristauaren ideia etorri zitzaidan burura. Ez dakit zergatik, boteprontoan etorri zitzaidan, nahiz ez naizen oso erlijiosoa. Zuzentzen dudan abesbatzan musika sakroa lantzen dugu, eta agian horrek eragina izan du», azaldu zuen.

Garbi izan zuen olerkiaren aukeraketa. «‘Wit’ filma ikusia nuen duela hamabost urte edo. Antzerkiko testu batean oinarritua da, eta poema hau du ardatz. Poemaren barruan puntuazio zeinuek zenbateko inportantzia duten aipatzen du. Esaldian non ipintzen duzun puntu eta koma, horren arabera heriotza hiltzen da ala ez. Poema betidanik buruan eduki dut. Eta aitzakia perfektua iruditu zitzaidan».

LAU MAILA

Proiektua lau mailatan banatuta dago. «Azpikoak kronologia edo garapen jakin bat dauka, eta goikoak berdina, baina atzetik aurrera. Itzulgarritasuna musikan ere islatu nahi izan dut», esan zuen musikariak.

«‘Herio, ez zaitez harrotu’ esaldiaz hasten da Donneren poema. ‘Amets laburra pasatuta esnatu egiten garela esanez amaitzen da, eta bat-batean jada ez dela heriotzarik existituko. ‘Herio, zu hilko zara’ dira hitzok. Donnek poeman dioena musikalki nola izan daitekeen probatu nahi nuen. Erronka hau jarri nion neure buruari», adierazi zuen.

Eskusoinuaren doinuak egiten du ongietorria. «Hasieran akordeoiarekin ez egitea pentsatu nuen, biok elkarri lotuta goaz-eta beti... Baina lau hilabetetan erakusteko espazio finkoa ematea eta akordeoiaren tinbrea entzun ahal izatea super polita irudi zitzaidan, instrumentuari bere lekua emanez. Akordeoiaren, poemaren eta eskaileraren sinbolismoarekin, hiru elementuekin lanean hasi nintzen», kontatu zuen musikariak.

Bisitariak behealdean partitura aurkituko du. «Musika irakurtzen ez badaki, ezker aldean plano bat dago. Planoa izan zen abiapuntua, partitura egin aurretik. Musika denboran zehar ematen den artea izanik, linealki pentsatzen da, baina proiektu honek daukan berezitasuna da zortzi bozgorailu dauzkala, binaka, lau mailatan banatuta. Altuera eta erreberberazio asko daukanez espazioari presentzia nola eman pentsatu nuen. Gakoa ez zen zein musika egin, baizik nola antolatu ere», azaldu zuen musikariak.

MAILA BAKOITZARI AHOTSA

1620. urte inguruan idatzia da, Errenazimendu berantiarraren garaian. «Garai hark abesbatzarako sortutako musika du ezaugarri. Normalean gizonezkoen koruak ziren, lau ahotsekoak: baxua, altua, tenorra eta sopranoa. Bertikalitatean pentsatuz, eskailera maila bakoitzari ahotsa lotu nion. Grabeak ohikoan behean egoten dira eta goian sopranoa edo discantus-a garai hartan. Hori ikusita eta garai hartan ohikoena mezarako musika egitea zenez, alegia, tenorrei zuzenduak, altuan eta tenorrean akordeoiaz gain nire ahotsa -nahiko ezkutuan- sartzea pentsatu nuen».

Behetik gora eginez baxua, altua, tenorra eta sopranoa edo discantus-a kokatu ditu. «Ohikoan tenorra altua baino grabeagoa da, baina aldatu egin nituen. Hau da, ahotsa bigarren mailan ez, hirugarrenean entzutea nahi nuen espazioaren akustika kontuengatik».

Pieza akorde geldo batekin hasi eta akorde berarekin amaitzen da. «Garrantzi handia du. Prometeo akordea deitzen da. Bi interbalo motaz osatuta dago, tritonoa, oso disonantea eta ezegonkorra eta laudun justua, interbalorik puruena, egonkorrena. Ondorioz, akorde beraren barruan egonkortasuna eta desengorkotasuna dauzkagu. Horrek atentzioa eman dit betidanik, eta heriotzari aurrez aurre hitz egiten diozun unean akordeak dena dauka bere baitan. Jainkoen boterearen erakusgarri edo», esan zuen irribarrez.

Akordea igotzen doa bost minututan, suabetik ozenera. Oso astiro, akordea osatu arte. Eta bukaeran alderantziz, oso fuerte hasi eta desagertuz.

“Death” -heriotza, ingelesez- hitzarekin ere jolastu da Navas. «Letra bakoitza nota bati lotuta dago, eta beheko ahotsak ‘Death’ esaten du, eta goikoak aldrebes, ‘Htaed’. Itzulgarritasunaren ideiarekin bat eginda. Eta erdiko ahotsetan batek poemaren sonoritatea dauka kontsonanteen bitartez eta bestean poema osoa entzun daiteke kantu gregoriano moduan».

PARTITURAK, FAKSIMILEAK, LIBURUAK...

Musika entzun, bai. Baina Navasen proposamena ez da honetara mugatzen. Bisitariak, partiturarekin batera, liburuak eta faksimileak aurkituko ditu Scalan. «Bitrina batean bi lamina daude. Batetik, Donneren poemaren eskuizkribua jarri dut, gordetzen den lehenengoa, Londresko Saint Paul katedralean topatu zena, eta bestetik lehenengo aldiz argitara eman zen bertsioa, 1635ekoa. Ez da originala, hura Londresko artxibategi batean dago».

Lau liburu ere aurki daitezke Scalan. «‘Soneto sakratuak’ deitutako poema ziklo baten parte da hau. Gaur egungo argitalpen bat daukagu, ingelesez. Eta bi itzulpen gazteleraz, euskaraz ez dago, Donneren poesia konpletoa batetik eta soneto sakratuen itzulpen berezia Argentinako argitaletxe batean. Ez da berriro editatu, eta gutxi geratzen da. Bitxia da itzulpenaren arabera modu ezberdinetan ulertu daitekeela. Jendeak ikus dezala poesiak interpretazio asko dituela. Ingelesez, kasu honetan, ez badakizu, itzultzaileak nahi duen modura ulertuko duzu», ohartarazi zuen.

TRADIZIOA ETA MODERNITATEA

Beti eskusoinu handia aldean, bere ibilbidea egiten ari da Navas. «Akordeoia interesatzen zait, bi alde dituelako: popularra edo tradizionala eta modernoa. Gaur egun daukagun akordeoia 70eko hamarkadan amaitu zen garatzen, eta akordeoirako idatzita dauden piezak garai hartatik honakoak dira. Kontserbatorioan sartu zenean, abangoardiako instrumentu bihurtu zen, konpositoreek bere gaitasunik muturrekoenak atera zizkioten. Eta kultura askoren, ez bakarrik euskaldunaren, erakusgarri tradizional edo folklorikoaren sinboloa ere bada. Ni saitzen naiz biak uztartzen. Jende askok aurreiritzi asko dauzka, eta alde bat ala bestea defendatzen dute. Nik ez», adierazi zuen.

Musika betidanik gustatu zaio, baina Musikenera jo zuenean beste aukerei ateak irekita zituen: «Probatu eta ondo atera zait. Bizitzak eraman nau». Ibilbidea ere filosofia berarekin eraikitzen ari da. «Etorri zaidana hartzen joan naiz. Ez naiz bizi bakarrik kontzertuetatik, instrumentu bat jotzen dugun gehienon modura klaseak ematen ditut, eta gero suertatzen diren aukerak, proiektuak egiteko edo kontzertuak jotzeko, hartzen joaten naiz. Ez noa gauza konkreturen baten bila. Zer hartzen duzunaren arabera ikasten zoaz, martxan».

Orain arte interpretazioari emana egon bada, azkenaldian konposatzen ari da. «Nire ikasketetan ez du jartzen ‘konposizioa’, beraz badaukat Iruzurtiaren Sindrome pixka bat», esan zuen irribarrez.

Manu Gaigne perkusionistarekin ari da agertokian. Eta beste hainbat musikarirekin denetik lantzen du: folk musika, orkestra musika, klasikoa... «Antzerkian ere banabil Maite Aizpuruarekin», kontatu zuen Navasek.