GARA
DONOSTIA
MAIATZAREN LEHENEKO MOBILIZAZIOAK

Gutxieneko diru sarrera propioak aldarri, Maiatzaren Lehenean

Atzo milaka euskal herritar atera ziren kalera, sindikatuen deialdiei erantzunez. Hego Euskal Herrian LAB eta ELA sindikatuek gutxieneko diru sarrera propioen aldeko aldarria egin zuten, Euskal Herriaren erabakitze eskubidea galdeginez. Baionan, berriz, intersindikalak bizi baldintza duinak exijitu zituen.

Milaka lagun bildu zituen LABek atzoko mobilizazioetan; irudian, Donostiako manifestazioa.
Milaka lagun bildu zituen LABek atzoko mobilizazioetan; irudian, Donostiako manifestazioa. (Jon URBE | FOKU)

Urteroko hitzordua izaten da Maiatzaren Lehenekoa, baina erronka eta aldarri berrietara egokitu ohi da. Atzo ere sindikatu bakoitzak bere lehentasun propioak eraman zituen kaleetara, baina bat egin zuten gutxieneko diru sarrerak galdegitean.

LAB sindikatuak Donostian, Bilbon, Iruñean, Gasteizen eta Tuteran egin zituen mobilizazioak; eta ipar Euskal Herrian intersindikalak eginiko deialdiekin bat egin zuen. Burujabetza aldarrikatzeaz gain, datozen hilabeteetarako hiru lehentasun azpimarratu zituen Donostian Oihana Lopetegi Ekintza Sozialeko arduradunak.

Lehena, zerbitzu publikoak sendotzea, «herritar guztiek izan dezaten osasuna, zaintza, hezkuntza eta etxebizitzarako eskubidea». Bigarren lehentasuna industria politikarekin lotu zuen, industria politika berriak egin behar direla aldarrikatu zuen: «Trantsizio ekosozial justu bat planifikatzeko, sektore estrategikoetan esku hartze publikoa eragiteko eta langileek erabakietan parte hartzeko».

Hirugarren lehentasun gisa, berriz, herritar guztientzat oinarrizko diru sarrera duinak izatea eskatu zuen Lopetegik, «arrakala matxista eta arrazista desagerraraziz».

Langile klasearen «borroka historikoa» dela gogoratu zuen atzoko ekitaldian, eta sindikalismoaren «arima» ere badela. Hori horrela, azken urteetan Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduak egindako lana txalotu eta balio berezia eman zion.

Langile klasearentzat bizi baldintza duinak galdegin zituen Lopetegik, eta bide horretan «apustua bikoiztu» dutela nabarmendu zuen, bi bide ireki baititu LABek Hego Euskal Herrirako pentsio eta soldata propioak lortzeko borrokan. Lehena, negoziazio kolektiboa: «Patronala urduri dago, eta mahaian esertzea ukatu du Nafarroan, zein Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; hau da, Confebaskek elkarrizketaren inguruan hitz egiten du baina oinarrizkoaren inguruan hitz egitea ukatzen du, sindikatu guztiek eskatu arren». Confebask «parasito sozial» gisa definitu zuen Ekintza Sozialeko arduradunak, diru publikoa jaso eta trukean ez duelako «ezer ematen».

Gutxieneko soldata propio eta duinak lortzeko bigarren bidea, langile estatutua aldatzea dela argitu zuen: «Hego Euskal Herriko gobernuek gutxieneko soldata ezartzeko eskumena izan dezaten». Sinadurak biltzen hasi dira ekimen hau legebiltzarretara eramateko gehiengo sindikalarekin batera, eta euskal herritar orori dei egin zien beren sinadura emateko.

EUSKAL HERRIAN ERABAKI

Burujabetzaren beharra ere erdigunean jarri zuen Lopetegik, «inertziarekin puskatu eta norabidez aldatu behar da», esan zuen. «Burujabetza handiagoa behar dugu langile klasea defendatzeko, zaintza, lana eta aberastasuna banatzeko, burujabetza handiagoa gure eredu ekonomikoa eta kontsumo eredua eraldatzeko, bizitza erdigunean jarriko duen eredu ekonomiko eta sozial bat eraikitzeko, hemendik bertatik. Eta burujabetza handiagoa behar dugu hona datozenei harrera egiteko», adierazi zuen Donostian.

Burujabetzaren, eraldaketa sozialaren eta eraldaketa feministaren alde lan egiten duen «esparru zabal bat» dago Euskal Herrian LABen iritziz, eta azken urteetako mobilizazio sozial eta sindikalak txalotu zituen, «langileentzat funtsezkoak diren gaiak» agenda politikoaren erdigunean kokatzea lortu delako: osasuna, zaintza, etxebizitza, pentsioak eta gutxieneko soldata.

EAJren Europa militarizatzeko apustua ere kritikatu zuen LABeko ordezkariak. «Militarismoak bizitzak akabatzen ditu, krisi ekonomikoa dakar eta ezberdintasun sozialak handitzen ditu», esan zuen. «Guk inoiz ez dugu AEBko kultura eta eredua Europan ezartzea defendatuko», ohar egin zuen irmo.

ELA GASTU MILITARRAREN AURKA

Bestalde, ELA sindikatuko kideek Bilboko eta Iruñeko kaleak hartu zituzten “Gutxieneko soldata hemen erabaki” lelopean. Mitxel Lakuntza idazkari nagusia amaierako hitzartzean Lakuako lehendakari Imanol Pradalesengana zuzendu zen: «LGS hemen erabaki behar dela uste badu, lanean hasi behar du, eta patronala negoziatzera behartu».

ELA sindikatuak 1.795 eurotan ezarri du LGS hori «aberastasuna modu bidezkoagoan banatzeko, milaka langile kopuru horretatik urrun baitaude, bereziki sektore feminizatu eta arrazializatuetan. Gutxieneko soldata propioak lortzeko sinadura bilketarekin bat egin zuen sindikatuak, baina Nafarroako idazkaria den Imanol Pascualek gogorarazi zuen CENek, UGTk eta COOK «baztertu» egin dutela herrialdeak bere LGS propioa izateko akordioa sinatzea.

Egungo egoera belizistaren aurrean, Lakuntzak gobernuen jarrera salatu zuen. «Militarizazio globalaren prozesu honetan, NATO jokatzen ari den paper nagusia salatu nahi dugu. ELAren ustez, erakunde hori ez da bakearen bermea. Aitzitik, mendebaldeko inperialismoaren benetako beso gisa jokatu du».

Nafarroako ELAk Erorien haranetik abiatu zuen mobilizazioa, kartoiz eraikitako monumentuaren eraistea itxuratuz. Pascualek adierazi zuenez, PSNk, Geroa Baik eta EH Bilduk eraikin hori ez eraisteko lortutako akordioaren aurrean bat daude elkarte memorialisten haserrearekin.

ANIZTASUNA BAIONAN

Karrikak «elkartasunez eta borrokez» betetzeko deia egina zuen Ipar Euskal Herriko intersindikalak -LAB, CGT, CFDT, FSU eta Solidaires-, eta arrakastatsua izan zen atzoko erantzuna, bi mila lagunetik gora batu baitziren. Alda, Bizi eta Sutan elkarteetako kideek bizi baldintza duinak bermatuko dituen eredu berri bat galdegin zuten, tokiko alternatibak garatzeko deia eginez.

Gutxiengoak aberastasuna pilatzen duen bitartean, kapitalismoak langileen bizitza okertzen jarraitzen duela salatu zuten martxaren antolatzaileek. Bide batez, gerra ekonomikoaren ereduari zein faxismoaren gorakadari kontra eginez borrokan segitzeko deia egin zuten.