Ezusteak uste!
Pandemiarik pandemia bizi gara: osasuna, gerrak, muga-zergak, energia… Ezustetik ezustera. Hortaz, “usteak ustel” ohikoak “ezusteak uste” esamoldera ohitu beharra ekarri du. Poetak kantatu legez: ez gara hain onak benetan! Inondik inora ere ez! Tunel asko eta askotatik zelan atera, horretan ari ginela lehengoan, kolpea gero! Tuneletik kanpo ere itzala! Itzalaldi halakoa! Itzela! Kontuak atera, tunelaren barruan argitasun gehiago zegoen kanpoan baino!
Erresilientzia? Bai zera, kimera! Hantxe ziren gazte asko, kale izkinetan, besoa gorantz tente, besoaren azkenean eskuaren luzapen modura zuten mugikorra ezker-eskuin astintzen… galdutako seinalearen bila… Baina ez! Beste gauza askoren seinalea zen orduan seinale ez izatea! Buruak behintzat kanpo energiarik gabe pentsatzeko beste barne energia badu… Ustez!
Tira, konklabearen harira! Kapera Sistinoan dira boto-emaileak bilduta, kristauen iparrorratzak egunotan hantxe duela puntu kardinal bakarra. Kardinalen sindikatuak abisua eman omen die, amen! Dirua txanponetan izateko eskura, badaezpada. Izan ere, lehenago aterako da ke zuria tximiniatik kardinalak kaperatik baino, eta prozesuak luze jotzen badu barruko kantinara hurbiltzeko hobe txanponak eskuan, ez dadila gerta ezusteko itzalaldiren batean kredikardi-txartela erabilezin izatea … eta angelus orduan kopaua ezin hartzea.
Eta ekonomiaren seinaleez zer? Lehengoan irakurri dut nonon Europako ekonomia makal dabilela, perspektiban, eta salbuespena gure beheko Estatuan dela, gorantz ari baitira adierazleak. Hori bai, Levante inguruan urriko ezusteko dana hura da horren arrazoia. Kolpea gero, ekonomia ondo joateko hondamenak behar dira, edo gerra industria gizendu … Ama, ama! Kanpoan halako argia egonda zelan asmatu tuneletik ateratzen?

Iban Apaolaza presoa hilik aurkitu dute Aiako Harrian

El robo del año no ha tenido lugar en el Louvre, sino en Spotify

Xabi Iraola proposatu dute Sorturen koordinatzaile orokor izateko

67 preso 20 urtetik gora espetxean, eta 44k ez dute kalea zapaltzen
