GARA
IRUÑEA

NUPek euskararekiko duen «utzikeria» salatu dute ikasleek

NUPeko Euskara Plana 2024-2025 ikasturtean amaitzen dela ikusirik eta unibertsitateak aurrera begirako estrategiarik ez duenez, ikasleek planaren balorazioa egin dute eta zenbait proposamen egin dituzte, egun NUPen euskaraz ikastea ezinezkoa dela uste baitute.

NUPeko ikasleen agerraldia, atzo.
NUPeko ikasleen agerraldia, atzo. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

“NUPek euskarari bizkarra, ikasleok euskarari indarra” dinamikaren barruan NUPeko euskara diagnosia aurkeztu zuen ikasleen Euskara Taldeak atzo. Izan ere, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Euskara Plana aurtengo urte hasieran amaitu zen, eta hori agortzearekin batera jakin zuten ez zegoela aurrera begirako estrategia edo planik. Hori dela eta, inkesta baten bidez ikasleen iritziak jaso zituzten eta planaren inguruko beraien balorazioa egiteaz gain, hainbat proposamen luzatu zizkioten unibertsitateari; «ez baita ulergarria plan estrategiko bat agortu ostean inolako asebetetze inkestarik ez egitea planaren balorazioa egiteko momentuan».

NUP euskalduntzeko «benetako konpromisoa» eskatu zuten; izan ere, ikasleon iritziz, azken planaren helburuak ez dira bete «izugarri xumeak baziren ere -zehaztu zuten- eta egoera honen aurrean ez da inolako mekanismorik sortu, aktibatu edo indarrean jarri». Hori dela eta NUPen «utzikeria» salatu zuten, eta azpimarratu, «ezinezkoa» dela euskaraz ikastea. «NUPeko Euskara Plana ez da nahikoa unibertsitatea euskalduntze aldera eta NUPentzat aurpegi zuriketa bat baino ez da», ohartarazi zuten, gaineratuz errektoretzak jarritako erritmoak ez direla «inolaz ere nahikoak praktikotasunean hizkuntza baten zabalpena bermatzeko».

Zenbait aurrerapauso eman direla nabarmendu zuten ikasleek, baina horietako gehienak «unibertsitateko komunitate euskaltzalearen iniziatiba» izan direla azaldu zuten, eta ez «NUPen gidaritza». Egindako galdeketen emaitzen arabera, NUPeko ikasleen %85,5ek uste dute erakundea ez dela behar bezala ahalegintzen ikasketak euskaraz eskaintzen.

«HIZKUNTZA PLAN ERREAL BAT»

Euskaraz ematen diren ikasgaiei dagokienez, ikasleen %23k soilik uste dute euskaraz irakasten diren ikasgaiak duinak direla. Administrazioarekin harremanak euskaraz izateko oztoporik izan duten galdetu zieten ikasleei, eta %61,3k baietz erantzun zuten. Klasetik kanpoko bestelako jardueretan ere euskararen presentzia «hutsaren hurrengoa» dela salatu zuten.

NUPeko Euskara Taldeak egindako diagnosiaren txostenak hainbat proposamen jasotzen ditu, orokorrak zein zehatzak: «Nafarroako Unibertsitate Publikoari exijitzen diogu 2026ko Plan Estrategikoan, aurten ez bezala, euskarari garrantzizko lekua eman diezaiola», eta bi neurri zehatz jartzen ditu mahai gainean: batetik, euskara teknikaria kontratatzea, plangintza linguistikoa egingo duena, euskara sustatzeko beste zenbait ekimenekin batera. Eta, bigarrenik, Euskararen Errektoretza sortzea.

«Hizkuntza plan erreal bat, euskaraz ikasteko eskubidea bermatzen duena» galdegin zuten ikasleek, eta horretarako beharrezkoa ikusten dute profil teknikoak zein organo instituzionalak sortzea.