Trans auziaz, aktibismotik eta ikuspuntu zientifikotik
«I. Nazioarteko Biltzarra: Haur eta gazte transexualitatea» egiten ari dira atzo eta gaur artean Bilboko Bizkaia Aretoan. Hainbat aditu elkartu ditu Naizen elkarteak, besteak beste, Josebe Iturrioz ekintzaile transfeminista eta Joserra Landa sexologoa. Elkarteak jendartean gertatzen ari diren «atzerapauso larriez» ohartarazi dute.

Lehendabizikoz, nazioarteko biltzarra antolatu du Naizenek, Adingabe Transexualen Familien Elkarteak; hain zuzen, haur eta gazte transexualitateari buruz. Atzo eta gaur artean hainbat aditu eta ekintzaile entzuteko parada izaten ari da EHUren Bizkaia Aretoan, Bilbon. Bea Sever elkarteko eledunak hasi zuen biltzarra eta jarraian Imanol Pradales lehendakariak hartu zion lekukoa. Horren ostean, Aingeru Mayor EHUko irakasle eta Naizenen sortzaileak biltzarraren leloa azaldu zuen: “Ulertu, lagundu ahal izateko”.
Mayorrek azpimarratu zuen duela 15 urte transexualitatea «ikusezina» zela eta uste du gaur egun transak diren umeak «haurtzaroa genero identitatea errespetatuta bizitzen ari diren» lehen belaunaldia direla. Halaber, azaldu zuen haurren identitatea ez onartzeak haiengan «tristura, depresioa eta hiltzeko nahia» sortzen dituela.
Tarte batez baikortasuna alde batera utzita, kezka agertu zuen Mayorrek, Naizen elkartearen aburuz «atzerapauso larriak» gertatzen ari baitira, «eskubideen ukapena» eta gorroto delituen eta eskola jazarpenaren gorakada dakartenak.
Irekiera hitzaldien ondoren abiatu zen biltzarra, zenbait aditu mahai-inguruan batu zituen “Zer dakigu haur eta gazte transexualitateari buruz?” saioarekin. Jon Arcelus osasun mentalean adituak, Jiska Ristori psikologoak eta Annelou de Vries haur eta gazte psikiatrak hartu zuten parte solasaldian, Aitzole Araneta sexologo eta ekintzaile transfeministaren gidaritzapean.
Atsedenaldiaren ostean, “Aniztasuna transexualitatearen gaineko begiradetan” saioan hizlari aritu ziren Josebe Iturrioz irakasle eta ekintzaile transfeminista eta Joserra Landa sexologo eta terapeuta, bertan ere Araneta aurkezpen lanetan aritu zelarik. Nork bere arlotik heldu zioten trans aferari, batzuetan osagarriak eta besteetan kontrajarriak ziren irakurketak mahai gainean jarrita.
Iturriozek horrelako plazak arrotz egiten zaizkiola esanez hasi zuen hizketaldia. Izan ere, adierazi zuen «aztertua izateko beldurra» pizten zaiola, sarritan ikerketa objektu balira bezala tratatzen baitituzte trans pertsonak espazio akademikoetan. Hainbat definizio atxiki zizkion «trans» kontzeptuari, konplexuak denak, baina denak ala denak egitate bat azpimarratzen dutenak: gizarteak esleitutako genero arauari uko egiten dioten pertsonak dira. Ekintzailearen aburuz, generoak ez dauka zerikusirik «gorputzaren izaera naturalarekin», baizik eta «sistema heterozentratu, zis eta kapitalistarekin», ezinbesteko oinarria baitu: «Transa erro hori apurtzea da».
Auziari ikuspuntu kliniko batetik heltzeari uko eginda, adierazi zuen «gizon eta emakume identitateak naturalizatzeari» utzi eta binarismoa problematizatu behar dela. Halaber, azaldu zuen genero identitatea eta orientazio sexuala elkarri lotuta daudela, bigarrenak lehenaren eraikuntzan garrantzi handia baitu.
Era berean, trans pertsonak ikerketa objektu gisa tratatzeari uzteko deia egin zuen, iritzita generoa bere horretan aztertu behar dela, pertsona oro jazartzen duelako, ez soilik transak direnak: «Transak al gara genero adierazpenarekin arazo bat daukagun bakarrak? Ba al dago baten bat gizon perfektu edo emakume perfektu sentitzen denik?».
Askotariko taldeen elkarlanaren alde agertu zen Iturrioz. Izan ere, uste du «datorrena terriblea» dela eta horri aurre egiteko familiak batzen dituzten elkarteak ez direla nahikoa: «Erakunde poliedrikoagoetan batu behar dugu».
IZAKI SEXUALAK, ETA SEXATUAK
Landaren txanda izan zen gero, eta sexologia substantzialaren ikuspuntutik heldu zion gaiari, horretan baita aditua. Azaldu zuen, besteak beste, gizakiok izaki sexuatuak garela, ez soilik sexualak. Hots, adierazi zuen jendarteak klasifikatzen gaituela, baita guk geure burua ere, eta ohikoak direla horien arteko talkak.
Identitatea osatzen du horien arteko interakzioak, adituaren esanetan, eta prozesu horren baitan dago «jaio ondoko alosexuazio formala», obstetrek egiten dutena, hain zuzen ere. Halaber, ezinegon ugari saihesteko modu gisa aurkeztu zuen alosexuazio mota hori ez burokratizatzea.
Landak azaldu zuenez, alosexuazio mota horrekin elkarreraginean daude beste sexuazio era batzuk, hala nola autosexuazioa (nork bere buruari egiten diona) eta ego-sexuazioa (jaio aurretik egiten zaiguna).
Halaber, baikor agertu zen aditua. Izan ere, hamarkada batzuk daramatza trans pertsonekin lanean eta bilakaera igarri du haien bizi kalitatean. Bereziki, erreferente kopuruan identifikatu du desberdintasuna: «Lehen trans pertsona batek normalean ez zuen bera bezalako beste bat ezagutzen eta gaur egun ikusten du egon badaudela, eta askotarikoak».
Imanol Pradales lehendakariak Biltzarraren irekieran adierazi zuenez, «ikuspegi erredukzionistak gainditu eta pertsona bakoitzak den hori izateko eskubide osoa bermatu» behar da. «Mutila zara zakila duzulako. Neska zara bulba duzulako. Hori esaten zidan gizartean jaio nintzen», azaldu zuen lehendakariak, «baina, ikusi dugunez, mundua ikusteko modu erredukzionista hori erabat okerra zen». Gaineratu zuen heziketa hori, «hautatua» izan ez dena, «berreraikitzea» norberaren esku dagoela.
«BERRERAIKITZEA», ERRONKA GISA
«Gizarteak huts egingo du, ez bagara gai pertsona bakoitzak den hori beldurrik eta oztoporik gabe izateko duen eskubidea bermatzeko», baieztatu zuen Pradalesek. Jendartearen ardurari egin zion erreferentzia: «Gizarteak huts egingo du, haur edo nerabe orok ez badu bere komunitatearen babes eta maitasunarekin askatasunean garatzea lortzen».
Naizen elkarteak duela hamar urtetik haur eta nerabe transexualen eta horien familien eskubideen alde egiten duen lana goraipatu zuen Pradalesek, eta nabarmendu zuen biltzarra «funtsezko espazioa» dela, entzuteko eta ikasteko.
Era berean, Lakuako Gobernuaren konpromisoa berretsi zuen, alegia, trans pertsonei arreta integrala emateko eta trans pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko lege berria eraginkortasunez aplikatzeko konpromisoa.
LEHEN MAILAKO ARRETA
Osakidetzaren lana ere nabarmendu zuen Pradalesek, trans auziari ikuspuntu kliniko batetik helduta. Azpimarratu zuen Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean Genero Identitate Unitatea dagoela, 1.300 pertsona baino gehiago artatu dituena 2011n sortu zenetik. Ildo horretatik, iragarri zuen aurten Trans Pertsonentzako Lehen Mailako Arretako Zerbitzu berriak jarriko direla martxan, hots, ospitalez kanpoko unitateak, lurralde-mailakoak, eta genero-aniztasunean espezializatutako psikologiako profesionalek osatutakoak.
Bestetik, Naizeni elkarlana eskertu zion, batera pertsona transexualak artatzeko osasun-gida berria osatzen ari direla jakitera ematean. Azkenik, lehendakariak azpimarratu zuen oraindik asko dagoela egiteko: «Gizartearen sentsibilizazioa, lanbide-heziketa eta osasun-protokoloak hobetzea», besteak beste. «Haur eta nerabe orok du askatasunean hazteko eskubide osoa, komunitatearen maitasun eta babesarekin. Ez dugu atzerapausorik emango. Gure konpromiso osoa duzue», esan zuen lehendakariak.
Gaur jarraituko du Naizenek antolatutako biltzarrak. Landuko dituzten gaien artean daude, besteak beste, eskoletan ume transak artatzeko modua eta ez-bitartasuna. Gainera, hainbat pertsona transen testigantzak entzuteko aukera izango da, baita senideenak ere.

El PNV cesa a tres ediles de Getxo imputados por el derribo del palacete

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas
