Nerea LAUZIRIKA
I. NAZIOARTEKO BILTZARRA: HAUR ETA GAZTE TRANSEXUALITATEA

Erreferenterik eza, transen herentzia pozoitua

Bukatu da Naizen-ek lehendabizikoz antolatu duen haur eta gazte transexualitateari buruzko biltzarra. Bigarren eguna izan zen atzokoa eta aukera izan zen askotariko testigantzak entzuteko, adin desberdinetako trans pertsonen ahotan. Erreferente falta eta horren ondorio latzak azpimarratu zituzten parte-hartzaile guztiek.

Bea Sever Naizeneko kidea, irekiera ekitaldian.
Bea Sever Naizeneko kidea, irekiera ekitaldian. (NAIZEN)

Bi egunez nazioarteko biltzarra egin du Naizenek, lehen aldiz, haur eta gazte transexualitateaz. Adingabe Transexualen Familien Elkartearen eskutik, “Haurtzaroan eta nerabezaroan bizitako esperientziak lehen pertsonan” saioan belaunaldi desberdinetako pertsona transek beren bizipenak partekatu zituzten EHUren Bizkaia Aretoan, Bilbon.

Ares Piñeiro sexologo eta Errespetuz elkarteko sortzaileak; Elsa Ruiz komiko, ilustratzaile eta ekintzaileak; Eder Iturralde filologo, bertsolari eta gizarte integrazioan adituak eta bi nerabek hartu zuten hitza.

Piñeiro 1972an jaio zen eta 4 urterekin hasi zen etxean mutila zela esaten. Gurasoek, ordea, beti pentsatu izan zuten nahi hori pasatuko zitzaiola. Eskolan ez zuen batere bide samurra izan. «Denetarik» deitzen zioten eta, horrela, ikasteari utzi eta 15 urterekin hasi zen lanean.

Ez zeukan erreferenterik, hemen edo han ikusita zeuzkan pertsona trans guztiak prostituzioan aritzen ziren, baina argi zeukan gizona zela eta munduak hala ikus zezan bularrak bendaz lotzen hasi zen, eta gutxi hitz egiten, ahots finak salatu ez zezan.

Minez oroitzen du maitemindu zen lehen aldia, 18 urterekin. Horrenbeste arbuiatzen zuen bere gorputza, ezen ez baitzion bikotekideari ukitzen uzten: «Ez nuen orgasmorik izan 33 urte bete arte, ez nuen inork ukitzerik nahi, ezta nik neuk ere».

31 urterekin esan zuen etxean trantsizioa hasi behar zuela. Aitortza egin zien gurasoei, 80 urteen bueltan eta katolikoak izanda une oro bere ondoan egon izan direlako: «Kontatu nienetik, aitak inoiz ez zidan lehengo izenaz deitu, behin ere ez zen erratu».

NORI BEGIRATU IZATEA

Piñeiro baino 15 urte gazteagoa da Ruiz, baina berak ere erreferente falta azpimarratu zuen. Gogoan du beti izan zela «arraroa» eta hori izan zuela hala moduzko babesleku, mutilei zegokiena gogoko ez bazuen ere «intelektual plantak» egiten baitzituen. Ezin hobeto oroitzen du, halaber, lehen erasoa, ikaskide batek neskatoekin jolasteagatik iseka egin zionekoa. Orduan ikusi zuen disimulatu beharra zuela.

Kontatu zuen lehen aldiz neska arropa jartzeko aukera izan zuenean ikusi zuela bere burua ispiluan islatuta.

Piñeirori gertatu bezala, Ruizi ere harreman afektibo-sexualetan eragin dio ezkutuan eta aitortzarik gabe bizi izanak. Datozen belaunaldiei horrelakorik ez gertatzeko jarraitu beharreko bidea ezin argiago markatu zuen: «Denon ardura da erreferenteak eskuragarri jartzea».

Iturralde nabarmen gazteagoa da, nahiz eta kontatu zituen pasadizoetako batzuek beste aroren batekoak diruditen. Esaterako, tutore batek psikologora joatea gomendatu zion neskak gustatzen zitzaizkiola jakin zuenean. Batxilergoko bigarren mailan ulertu zuen mutila zela.

AUSARTA, EZINBESTEAN

Adierazi zuen 2014an Ekai gazteak bere buruaz beste egin zuenean erabaki zuela ez zuela amore emango, ez zuela suizidatzen diren eta hiltzen dituzten pertsona transen zerrenda beltzean beste izen bat izan nahi; ez desagertzeko, ausarta izatea aukeratu zuen.

Ordutik, hainbat oztopori egin die aurre. Tartean, bi urte behar izan ditu NANean izena eta generoa aldatu ahal izateko, nahiz eta horrek argudio paregabea eskaini dion beste arlo batzuetarako: «Esaten didatenean espainola naizela NANean jartzen duelako, gogorarazten diet emakumea nintzela eta beste izen bat neukala ere jartzen zuela, baina aldatu dugula».

Parte hartu duen nerabeetan nagusiena mutila da, eta ez du gogoan besterik izan denik. Izan ere, 5 urte zituela ikusarazi zien gurasoei mutikoa zela. Zehaztu zuen ez duela isilpean mantentzen transa dela baina ez duela gustuko behar baino azalpen gehiago ematen ibiltzea. Ikasi du, ezinbestean, bere burua agerian ez uzten, gainontzeko mutilak bezala tratatu dezaten nahi duelako.

Antzeko bizipena da hitza hartu zuen nerabe gazteenaren kasua. Neskatoa da eta gogoratzen du gurasoak ohartu zirenekoa, baita jendarteari azaldu behar izana ere. 7 urte zituela egin zuen trantsizioa eta, azaldu zuenez, oro har ez du arazorik izan eskolan eta familian.

Halaber, oso gaztea izanagatik ere, argi dauka LGTBIQ+ kolektiboa «anormaltzat» jotzen duten horiek direla, hain zuzen, normalak ez direnak.