Gaizka IZAGIRRE
HERNANI
ASTERIX ETA OBELIX: BURUZAGIEN BORROKA

Erromatar hauek burutik jota daude

Asterix eta Obelix pop kulturaren ikono bihurtu direla agerikoa da. Euskaldunok ere badugu lotura berezia galiar xelebre hauekin: komiki asko euskaraz irakurri ahal izan ditugu, eta ondotik, filmak iritsi zirenean, euskarara bikoiztuta ere ikusi ahal izan ziren haietako asko.

“Asterix eta Obelix: Buruzagien Borroka” 3D animaziozko saioa da eta euskaraz bikoiztuta estreinatu da.

Abrarakurzix-en eta ondoko herrixkako buruzagiaren arteko duelu bat da istorioaren ardatza. Erromatarren konplot landu batek piztu du duelua, galiarren erresistentzia ahultzeko. Panoramix druidak, bestalde, memoria galdu du istripu baten ondorioz, eta edabe magikoaren osagaiak ahaztu ditu.

Telesailak “Asterix eta Obelix”-en unibertsoaren izpiritu lotsagabe, komiko eta satirikoa berreskuratzen ditu, eta, gainera, ukitu fresko eta berezia erantsi. Sagaren ohiko ezaugarriak mantentzen dira -satira, izen xelebreak, egoera barregarriak-, baina gaur egungo pop kulturako erreferentzia txikiak ere topa daitezke: “Fast & Furious”, “Star Wars”, Chaplin...

Erabiltzen den animazioa ez da oso berritzailea, sarritan ikusitako 3D nahiko tradizionala erabiltzen da, baina ezin da ukatu izaera handikoa dela eta zenbait unetan 60ko eta 70eko hamarkadetako komikiak gogora ekartzen dituela.

Elkarrizketek, eta istorioak oro har, frankiziaren karisma eta xarma guztia dute, baina, aldi berean, txantxa berriak eta umore arin dibertigarria erantsi diote. Familia osoarekin ikusteko ezin aproposagoa da.

Pertsonaia karismatiko hauen mundua ezagutzen ez dutenekin zein belaunaldi berriekin ondo konektatuko duen telesaila dela iruditzen zait; alde horretatik, akaso, oso zaleak direnen artean ez du arrakasta berbera lortuko.