Eredu yankia
AEBeko Armada Vietnamen sekulako sarraskia egiten ari zen bitartean, gerra egiteko gogorik ez zuten hippy estatubatuar askok Hawaiira ihes egin omen zuten. “Omen” diot, zeren AEBtik ihes egiteko modu bitxia iruditzen zait AEBn geratzea. Izan ere, Hawaii AEBko berrogeita hamargarren izarra da. Alegia, yankiak napalm bonbekin vietnamdarrak hiltzen ari ziren bitartean, hippy estatubatuarrak Hawaiira joan ziren bi mende lehenago kolonizatu zituzten hawaiiarren kontura bizitzera, eta, bide batez, oraindik bizirik ziren hawaiiarrak gehiago umiliatzera.
Bertako surflariek oraindik azal iluna zuten garaiak ziren eta urautsian liskar gogorrak izaten ziren, bertako «beltzen» eta «bertako» zurien artean. Bai, ile-hori haiek, australiarrak, hegoafrikarrak edo kaliforniarrak izan, beren burua bertakotzat zuten. Gaur egun bezala, «olatuak ez dira inorenak» eta antzeko tontakeriak esaten zituzten, beti inperialistekin lerrokatzen direnek egin ohi duten bezala.
“Surfer” aldizkarian hainbat artikulu argitaratu ziren lokalismo gogorraren inguruan. Honela zioen gutun batek: «Imajina ezazue zuen etxean sartu eta esaten dizuedala zuen janzkera eta bizitzeko modua ez direla egokiak. Hori baino askoz sakonagoa da, baina horrela sentitzen gara. Zuek hona etorri eta zuekin zuen ikuskizuna ekarri duzue, eta suposatzen da guk zuen zerbitzariak izan behar dugula. Arazoa da gu zuen sistemaren morroiak garela. Zuen dirua eta komenientziak behar izateko hezi gaituzue, baina guk ez zaituztegu inoiz errespetatuko».
Gutun hark 70eko hamarkadan Hawaiin gertatzen zena ezin hobeto deskribatzen zuen. Orain, 50 urte geroago, esan daiteke surflari hawaiiar gehienak ilehoriak direla, eta inork ez du zalantzan jartzen hawaiiarrak direnik, bertan jaio eta haziak baitira. Alegia, hippy «bakezale» haiek gailendu ziren eta auskalo zertan geratu den «inoiz ez zaituztegu errespetatuko» sentimendua...
Onartu behar dut surf aldizkarira idatzi zuen hawaiiar hark sentitzen zuen antzeko zerbait sentitzen dudala, ulertzen dudala, gehiago sakondu ezin dudan arren, euskaldunok nola sentitzen garen ere ezin baitugu adierazi. Eskubide hori soilik kolonizatzaileek eta haiei men egiten dietenek dute. Ez dut pena eman nahi. Ez naiz negarrez ari. Errespetua nahi badugu irabazi egin beharko dugula nabarmendu nahi dut.
Eddie Aikau hawaiiarrak AEBko surf selekzioarekin Hegoafrikara bidaiatu zuenean aparteko hotel batean lo egin behar izan zuen, bere azalaren koloreagatik, baina batez ere bere taldekideek ez zutelako babestu. Gaur egun, Hawaiik bere selekzioa du (Olinpiar Jokoetan izan ezik). Euskaldunok hori ere ez, baina ez begiratu kanpora, arazoa etxean baitugu. Surflari estatubatuarren eredua gailendu da, Hawaiin bezala, hemen ere hippyak dira nagusi, «munduko hiritarrak», alegia, gerrazaleak eta, espainolak edo frantsesak.

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Un esquiador de Irun, entre los tres fallecidos por un alud en Panticosa
