Senpereko lakuari itzulia euskararen alde, «elgarrekin»
Eguraldiaren aurreikuspenak gainditu eta giro bikainean igaro zuten atzoko eguna milaka herritarrek Senperen. Herri Urratsen 42. edizioaren lema «Elgarrekin» zen, eta horixe egin zuten, elkarrekin Seaskaren aldeko olatu berri bat martxan jarri. Estatu frantsesak ematen ez dizkien baliabideak exijitzeko mobilizatuko dira maiatzaren 23an, Baionan.

Goizean goiz esnatu zen Senpere atzo; goizeko bederatziak pasatxoan txalekodun laguntzaileak zerura begira eta guneetako azken prestaketak egiten zebiltzan. Izan ere, 42. Herri Urrats festa hartu zuen lakuak. Eta beste hitzordu baten berri emateko baliatu zuten Seaskako ikastolen aldeko festa: maiatzaren 23an, Baionan, «tanborrada erraldoia» egingo dute Parisi eskatzen dizkioten gutxieneko postuak exijitu eta «jasotzen duten mespretxua» salatzeko.
“Elgarrekin” hautatu zuten lelotzat, eta halaxe ibili ziren egunean zehar belaunaldi ezberdinak elkarrekin auzolanean. Aurtengo festan bildutako etekinak Arberoako ikastolako suteak eragindako kalteak konpontzera eta Senpereko Kattalin Elizalde kolegioaren obrak egitera bideratuko dira.
Goizeko hamarretan zen irekiera ekitaldia. Ordurako batzuek emana zioten lakuari itzulia. Eta ohitura zaharrei jarraituz, minutu batzuetako atzerapenarekin hasi zen, aspaldiko lagunak agurtzen ari baitziren parte hartzaileak, eta antolatzaileak azken lanetan hara-hona.
Erik Etxart Ikastolen Elkarteko lehendakariordeak eman zion hasiera ekitaldiari, eta adierazi zuen «ezinbestean eta zoritxarrez» salaketa batekin hasi behar zutela agerraldia: «Iazko azaroan, urtero egiten dugun bezala, gure irakasle postu gehigarrien beharra frantses Hezkuntza Ministeritzari helarazi genion; otsailean behar zuen erantzun, maiatza erditsura heldu gara eta oraino mutu daude». Azaldu zuen, adostuak dituzten printzipioen arabera, datorren ikasturtean, bigarren mailan hiru gela gehiago izango dituztela eta, ondorioz, sei irakasle hurbilen postuak behar dituztela. Eta lehenengo mailan bost irakasle berezitu, 30 jakinarazpenetik goiti baitituzte; «hori da gutxienez behar duguna», zehaztu zuen. Eskakizun horiekin, maiatzaren 23an, arratsaldez, Baionan mobilizazioa egingo dute.
EGUZKIA LAGUN
Herri Urratsen ohitura omen da lakuari itzulia ematea; berdin du zein noranzko hartu, gune batean ez bada bestean topatuko duzu gustuko eskaintza. Ekitaldia amaitu zenerako, plazak betetzen ari ziren, Araba Berria gunera hurbiltzerakoan haurrek eskutik tiraka eramaten zituzten gurasoak puzgarrietara, eta mokadu bat egiteko aukera ere bazegoen. Eguerdi partean hasi zen guztiz betetzen, Olatz Salvador, Sune, Ezpalak eta Frigo kontzertuak izan baitziren bertan.
Gipuzkoa gunean bertsolariek eman zioten hasiera guneko egitaraurari; Maddalen Arzallus, Miren Artetxe, Aitor Servier eta Patxi Iriart aritu ziren kantuan, eta jarraian, Baiona Kantuzeko lagunek alaitu zuten giroa. Ibilbidean zehar zebiltzan joaldunek ere bertan hartu zuten atseden.
Bidea apur bat lohituta egonagatik ere, eguzkia lagun hartuta pozik zebiltzan milaka euskaltzale aintziraren inguruan. Sagardo dastaketa eta haurren txokoa zeuden parez pare Lapurdi gunean, batzuk Pontx pailazoari begira zeuden bitartean beste batzuk eztarriak bustitzen hasteko.
Gaiteroak ere sumatzen ziren bidean, eta gutxienez bost hamarkadako aldea duten belaunaldiak gurutzatzen ziren lakuaren bueltan. Nafarroa Badok guneko oholtzara igo ziren Herri Urratseko maketa lehiaketako irabazleak, Karena taldekoak. Eta atzetik igo ziren Masksk, PiL.T, Dupla eta Marte Lasarte taldeak. Xiberoa guneari berritasun bat gehitu zitzaion atzoko jaian: Tokiko Gunea. Ipar Euskal Herriko etxaldeekin eskuz esku lan eginez tokiko jan-edana eskaintzen ari ziren hamaika boluntario.
Festa giroan igaro zen beste urte betaz Senpereko festa, baina elkartzeko motiboak ahantzi gabe, eta zita berri batekin: maiatzaren 23a.

«La maternidad nos da la oportunidad de aprender a mirar a nuestra niña interna»

Sabin Etxea fía ahora a un juez la resolución de su crisis en Getxo

«Que solo se permita comprar casas para vivir es legal, está sobre la mesa»

Martxoaren 3ko biktimen aurka jo du Gasteizko gotzainak: «Tentsioa dago»
