Bizitza eta pentsamendu iraultzaile bat marrazteko tinta eta irudiak

Pepe Mujicaren bizitzak, eta bizitzari eta politikari buruz izan duen ikuspegiak, oihartzun handia izan dute kulturan. Horren erakusgarri dira iraultzaile uruguaitarraren pentsamenduan eta biografian oinarrituta sortu diren liburuak, filmak, dokumentalak, komikiak eta bestelako artelanak.
Bere azken lekukotasunetako bat “Semillas al viento” liburua da. GARAk argitaratu zuen eta Mario Mazzeo eta Carlos Martell burkideek Montevideo kanpoaldeko “chacra” ospetsuan Mujicarekin izandako elkarrizketetan oinarrituta dago. Pandemiaren ondoren idatzia, liburua begirada sakon bat da gizakiaren naturari eta ezkerraren proiektu politikoari. «Etorkizunari, belaunaldi berriei begiratzen zien liburua izateko baldintzarekin onartu zuen», azpimarratu zuten egileek. Gainera, Arnaldo Otegiren hitzaurrea du. Aurretik GARAk “Mujica, La biografía de un revolucionario” liburua argitaratu zuen, Miguel Angel Campodonicorena.
Era berean, Mujicaren ibilbidea ezagutu nahi dutenek Mauricio Rosencof eta Eleuterio Fernandez Huidobroren “Memorias del calabozo” irakurri behar dute, halabeharrez. Idazlanak egileen gatibualdia kontatzen du, Mujicarekin eta beste hainbat kide tupamarorekin batera Uruguaiko diktaduraren preso izan ziren militanteen historia, hain zuzen ere. Tortura, bakardadea, eromena, elkartasuna, borroka... Latinoamerikako diktaduren gertakari beldurgarrienetako bati buruzko maisulan honetan, gai horiek pultsu literario eta gizatiar paregabearekin azaltzen dira. Txalapartaren edizioan, adibidez, hitzaurrea Eduardo Galeanorena da.
Liburu honen bertsio zinematografikoaren izenburua “La noche de 12 años” da eta Alvaro Brechnerrek zuzendu zuen. Antonio de la Torre da Pepe Mujicaren azalean jartzen dena. Veneziako jaialdian eta Zinemaldian aurkeztu ondoren, Biarritzeko Zinemaldiko Publikoaren Saria jaso zuen, besteak beste.
Mujicarekin egindako elkarrizketetan oinarritutako hainbat dokumental ere egon badaude, hala nola Pablo Troboren “Los sueños de Pepe” edo Emir Kusturicaren “El Pepe, una vida suprema”. Horrez gain, elkarrizketa luze ugari ikus daitezke hainbat hedabidetan eta sare sozialetan. Nola ez, hemen GARAri eskaini zion elkarrizketa aipatu behar dugu.
Saul Alvidrez Ruiz ekintzaile mexikarraren “Chomsky & Mujica. Sobreviviendo al siglo XXI” dokumentalean oinarrituta liburua argitaratu du Debate argitaletxeak.
Azkenik, komiki batek bizitza berri bat eman dio paperean Mujicari. “Pepe Mujica y las flores de la guerrilla” da, Matias Castro idazlearen eta Leo Trinidad marrazkilariaren eskutik biografia berezi bat erakusten duen lana.

«Basoez hitz egiten dute, baina basoa suntsitzen dute landaketa sartzeko»

«Dirigiremos Venezuela hasta la transición», proclama Trump

Iban Apaolaza presoa hilik aurkitu dute Aiako Harrian

El robo del año no ha tenido lugar en el Louvre, sino en Spotify
