GARA
DONOSTIA

Bizilagunak proiektua, hotza atzean utzi, eta ekainaren 1ean izango da

Bizilagunak proiektuaren aurkezpena.
Bizilagunak proiektuaren aurkezpena. (Gorka RUBIO | FOKU)

“Etxean edo parkean, ezagutzea elikatzen!” lelopean, Bizilagunak elkarteak hemen jaiotako familiak beste leku batzuetan jaiotakoekin elkartuko ditu ekainaren 1ean, igandean, mahai baten inguruan, kulturarteko bazkari batez gozatzeko. Ekimenaren helburua egon daitezkeen estereotipoak eta aurreiritziak apurtzea da, eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bizi diren bizilagunek elkar hobeto ezagutzeko aukera emango duen ingurune bat sortzea.

Bizilagunak ekimenaren edizio honek bi aldaketa handi dakartza; Bizilagunak indartzeko erabaki dute aldaketa horiek egitea, Itziar Gorostidi proiektuaren teknikariak atzo azaldu zuenez. Lehenengo aldaketa eguna izan da: «Aurten erabaki dugu azaroko hotza atzean uztea, udaberrian eta ekainak ematen digun uda usainean murgiltzeko». Hori dela eta, ekainaren 1a aukeratu dute.

Data berri horrekin, igandeko bazkari hori egiteko espazioak zabaldu nahi dituzte. Aurtengo leloak dioen bezala, «etxeak eta parkeak familia hauen topagune izatea» nahi dute egun horretatik aurrera.

Bigarren aldaketa irudiari dagokio; «irudi freskoagoa eman nahi izan diogu, aurten aukeratutako leloarekin bat datorrena -azaldu dute- Desberdintasunek bereizten gaituzten mundu honetan, Bizilagunak proiektuak erabaki du zerbait egitea horren inguruan. Ulertuta batzuetan arrazakeriari aurre egiteko modurik onena ez dela diskurtsoekin, baizik eta keinu txikiekin, bazkari bat konpartituz, adibidez».