Tecnaliak, EHUk eta BC3k energia plangintzako laborategia sortu dute
Tecnalia ikerketa eta garapen teknologikoko zentroak, EHUk eta BC3k deskarbonizazioa bultzatzeko laborategi bat sortu dute. Horren helburua EAEn lan-ildo iraunkor bat ezartzea eta bikaintasun zientifikoko gaitasunak garatzea izango da.

Tecnalia ikerketa eta garapen teknologikoko zentroak, Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) eta BC3 Basque Center for Climate Change zentroak ekainaren 2an aurkeztuko dute elkarrekin sortu duten Euskal Autonomia Erkidegoko energia-plangintzarako laborategi aitzindaria. Bere helburua balio-kate osorako trantsizio energetikoko estrategiak erraztuko dituzten metodologia eta tresnak garatzea izango da eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan deskarbonizazioko erronkak bultzatzea.
Aurkezpena Bizkaia Aretoan egingo da, Bilbon, ekainaren 2tik 4ra egitekoa den Ekonomia Energetikorako Espainiako Elkartearen XX. Biltzarraren barruan, erakunde sustatzaileek atzo jakinarazi zutenez.
Joint Research Laboratory on Energy Planning (JRL ePLAN) du izena laborategiak eta Tecnaliaren, EHUren eta BC3ren arteko akordioari esker sortu da, energia plangintzaren arloan ikerketa aplikatuko nazioarteko erreferentziazko taldea sortzeko eta esperientziak eta ezagutzak partekatzeko.
Energia-plangintza deitzen zaio etorkizuneko behar energetikoak eta horiei eman beharreko arreta egokia ziurtatzeko bideratu beharreko jarduerak aurreikusteari. Edonola ere, energia arloak berezitasunak ditu, jarduerari eusten dioten azpiegituren egokitasunak baldintzatzen baitu zerbitzu energetikoak ematea. «Horregatik, errealitate aldakorren aurrean, aurreikuspenen etengabeko bilakaera egitea eta errealitate horri aurrea hartzea ezinbestekoak dira administrazioei, enpresei eta gizarteari erabakiak hartzen lagunduko dieten energia plangintzako tresnak garatzeko», azaldu dute.
PRESTAKUNTZA ETA TALENTUA
Laborategiaren zuzendaritza zientifikoa Tecnaliaren esku egongo da eta plangintza energetikoan erreferentziazko ikerketa talde bihurtzeko helburua izango du. Bere zeregina izango da erabilgarri dauden gaitasunak modu eraginkorrean gehitu eta bultzatzea, energia plangintzarekin lotutako gai espezifiko batzuetan ikerketa bateratua sustatzeko.
Ildo horretan, laborategiak lagunduko du etorkizuneko profesionalak, ikertzaileak eta ekintzaileak prestatzen, gaian espezializatutako talentua sortzea eta erakartzea sustatuz.
Ekimenak 18 ikertzaile ditu dagoeneko, eta 2027rako 38 profesionalez osatutako taldea izatea aurreikusi da. Planteatzen duen beste erronketako bat prestakuntzarena da, eta urte horretarako lankidetzan prestatutako 30 ikasle izatea aurreikusten du.

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Aerosorgailu bat zure esne kaxan
