PUBLIERREPORTAJEA

Gipuzkoa, mugikortasun adimendun eta jasangarrian aitzindari

Eskuaitzetako MUBIL Centerren 80 profesional arituko dira mugikortasun adimendun eta jasangarri baterako irtenbide berritzaileak garatzen. 9.700 metro koadroko azpiegitura teknologiko berria mugikortasun ekosistemaren lehen urratsa izango da.

Inaugurazio ekitaldian ordezkaritza instituzional nabarmena bildu zen, bai eta mugikortasunaren sektoreko eragile nagusiak ere.
Inaugurazio ekitaldian ordezkaritza instituzional nabarmena bildu zen, bai eta mugikortasunaren sektoreko eragile nagusiak ere. (MUBIL)

Donostiako Eskuaitzetan zabaldu berri diren instalazioek Gipuzkoa eta Euskadi erreferente bihurtu dituzte Europan mugikortasun adimendun eta jasangarriaren arloko ikerketan, garapenean eta berrikuntzan.

Maiatzaren 12an egindako inaugurazio ekitaldiaren buru Imanol Pradales lehendakaria izan zen, eta harekin batera izan ziren Eider Mendoza, Gipuzkoako diputatu nagusia, Unai Andueza, Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako diputatua, eta Igor Villarreal, MUBIL Fundazioko zuzendari nagusia.

Topaketan mugikortasunaren sektoreko eragile nagusiek ere parte hartu zuten, enpresak, enpresa-elkarteak, unibertsitateak eta erreferentziazko zentro teknologikoak barne.

Eskuzaitzetako 48.000m2-ko lursailak MUBILen mugikortasun ekosistemaren zati bat hartuko du. Azalera horretatik, 9.700m2 MUBIL Center azpiegitura teknologiko berria eraikitzeko erabili dira. 25 milioi euroko inbertsioarekin, mugikortasun soluzio aurreratuen garapena, balidazioa eta ziurtapena bultzatzeko diseinatu da azpiegitura hori.

Instalazioak hiru entsegu-laborategi ditu, eta, MUBIL Centerren inguruan sortutako ekosistemarekin batera, Europan bakarra den testatzeko eta berritzeko gaitasunen kontzentrazioa biltzen du:

• Biltegiratze elektrikoko laborategia: segurtasun- eta fidagarritasun-estandar zorrotzenetan gelaxkak, moduluak eta bateriak probatzeko.

• Trakzio elektrikoko laborategia: automobilgintzaren eta garraio astunaren sektorerako motor-, inbertsore- eta transmisio-sistemak probatzeko.

• Hidrogeno-pilen laborategia: hidrogenotik abiatuta elektrizitatea sortzeko sistemak probatzeko eta balioztatzeko azpiegitura.

Inaugurazio ekitaldian, bertaratutakoek laborategien jarduera ezagutu ahal izan zuten, lurraldearentzako berrikuntza-motor estrategiko gisa eratzen den zentro baten gaitasun teknologikoak agerian utziz.

Imanol Pradales lehendakariak zentro berria Euskadiko energia-trantsiziorako «adibide argia» dela nabarmendu zuen bitartean, Gipuzkoako diputatu nagusi Eider Mendozak ekonomiaren eta Gipuzkoako enpresa-sarearen lehiakortasunaren aldeko «apustu industriala» dela gaineratu zuen. «Abangoardia izatea, arrastoa uztea da gure industria babesteko eta gure enpresen lehiakortasunari laguntzeko modurik onena, are gehiago hain garrantzitsua den eta hainbeste pisu eta proiekzio duen mugikortasunaren sektorean», adierazi zuen.

BERRIKUNTZA IREKIKO EKOSISTEMA

MUBIL berrikuntza irekiko benetako ekosistema gisa eratzen da, eta lankidetzako ingurune bat eskaintzen du startup-ak, ETEak eta konpainia handiak mugikortasun adimendun eta jasangarriko irtenbideen garapenean bultzatzeko. Instalazio horietan honako enpresa hauek egongo dira: Battera, Lazpiur, NX, Wattson, Battbelt, Veltium, AVL, Novac, MUBIL bera, bai eta Cidetec eta EPower Labs kudeatzaile teknologikoak ere, eta 80 profesionalez osatutako talde bat bilduko da bertan lan egiteko.

Gune berritzaile horri gehituko zaio Vicomtech, Cidetec eta Tecnalia zentro teknologikoetako mugikortasuneko I+G unitateak Eskuzaitzetara lekualdatzea, eta, horrela, indartu egingo da Gipuzkoak mugikortasunaren arloko gaitasun teknologikoetan eta berrikuntzan Europako erreferente gisa duen posizioa.

MUBIL Centerren inaugurazioak, halaber, berrikuntza, aukeren sorkuntza eta proiektuen eta nazioarteko inbertsioaren erakarpena bultzatuko duten jardueren agenda trinko baten hasiera markatzen du.

MUBIL Center lurraldearen berrikuntza-ahalmenaren eta sendotasun industrialaren arteko konbinazio ezin hobea da. Azpiegitura estrategiko horri esker, lurraldeak etorkizuneko mugikortasunaren erronkei aurre egiteaz gain, Europa mailan mugikortasunaren garapena gidatu ahal izango du.