Literatura eta nortasunaren bilaketa

Laura Piani-ren opera primak ez du generoa berrasmatzen, baina maitasunari, literaturari eta nortasunaren bilaketari buruzko begirada fresko eta maitagarria eskaintzen duen komedia erromantikoa da.
Jane Austenek literaturan eta zineman utzitako arrastoa sakona eta iraunkorra da; horregatik maite du hainbeste Agathek, filmeko protagonistak, idazle ingelesa.
Agathe (Camille Rutherford) Shakespeare & Co denda enblematikoan lan egiten duen Parisko liburu-saltzailea da. Idazteko gogoaren eta maitasun modernoarekiko eszeptizismoaren artean harrapatuta dagoen bitartean, idazleen egoitza baterako hautatu dute Ingalaterran; Jane Austenen bizitzan inspiratutako fikzio idazleen erresidentzia bat da.
Filma, alde askotatik, Jane Austeni egindako omenaldia da. Ez bakarrik keinu literarioengatik edo girotze zainduagatik, baizik eta emakumezko pertsonaiak erretratatzeko duen moduagatik: ñabardurekin, kontraesanekin eta sakontasunarekin. Camille Rutherfordek Agatheren rola era sinesgarri eta xarmagarrian gorpuzten du, bereziki pertsonaiaren ezinegonak eta amets isilak modu sotil baina hunkigarrian azaltzen dakielako.
Biziki ederra da filmak literaturaren eta idazketaren inguruan ehuntzen duen gogoeta fina, hitzen bidez nortasuna bilatzeko ahalegina bezain sakona. Baita maitasunaren idealizazioaren eta errealitatearen artean erakusten duen talka ere.
Espero izatekoa zen generoaren klixeetan murgiltzea, baina filmaren mesederako erabiltzen ditu eta, ehunka aldiz ikusitako egoerak dauden arren, ongi funtzionatzen dute.
Istorioaren garapena aurreikusgarria da eta bigarren mailako zenbait pertsonaiak sakontasun falta nabaria dute, baina film samurra, gozoa eta ikuserraza da.

«Basoez hitz egiten dute, baina basoa suntsitzen dute landaketa sartzeko»

«Dirigiremos Venezuela hasta la transición», proclama Trump

Iban Apaolaza presoa hilik aurkitu dute Aiako Harrian

El robo del año no ha tenido lugar en el Louvre, sino en Spotify
