Gaizka IZAGIRRE
HERNANI
LOVE, DEATH + ROBOTS . VOL. 4

Maitasuna, heriotza eta robotak

David Fincher eta Tim Miller ekoizle nagusi dituen “Love, Death + Robots’’ animaziozko telesailean istorio desberdinak eta askotariko pertsonaiak erakusten dituzte. Kapitulu guztien arteko lotura, ordea, ez da trama edo pertsonaia partekatu bat, izenburuari erreferentzia egiten dioten hiru elementuak baizik: maitasuna (Love), heriotza (Death) eta robotak (Robot). Atal bakoitzean, gutxienez, osagai horietako bat topatuko duzue.

Kapitulu bakoitza independentea da, bere mundu, pertsonaia eta estilo bisual propioarekin. Nabarmentzekoa da, halaber, seriearen sormen askatasuna.

Telesailaren aniztasun estetikoa itzela da: CGI hipererrealista, 2D tradizionala, stop-motion bidezko animazioa, teknika esperimentalak... Ez du beldurrik atal bakoitzean berrasmatzeko.

Gustu eta sentimendu ezberdinetara irekitako ate bat da, non ikusleari etengabe estimulu berri eta liluragarriak eskaintzen dizkion. Narratiboki, satira sozialaren, teknologiarekiko kritika zorrotzaren, filosofia existentzialaren eta indarkeria estilizatuaren itsasertzean nabigatzen du.

Hala ere, telesail antologiko ia guztietan gertatzen den moduan, hemen ere desorekak egon badaude: atal batzuk oso sakonak diren bitartean, beste batzuk estetikan oinarrituko dira, edukiari gehiegi erreparatu gabe.

Anbizio handiko lan esperimentala da eta animazioak istorio heldu, konplexu eta probokatzaileak kontatzeko duen ahalmena aldarrikatzen du. Telesailaren kalitatea atal batetik bestera alda badaiteke ere, helduentzako telesail animatu bat baino askoz gehiago da: maitasunaren, heriotzaren eta teknologiaren mugak arakatzen dituen sormen laborategi bat dela esan daiteke.

Eraikitzen ari garen etorkizunarekiko kritika gisa ere funtzionatzen du.