Van Aerten lana errematatu du Olav Kooijek Viadanako etapan
Herbehereetar gazteak taldekidearen esprint bideratzaile lana baliatu du. Casper Van Udenek esprinta arinegi jo izana ondo etorri zaio azkenean aurrea hartzeko. Liderrak bi segundo pilatu ditu bere alde.

Sterratoa, erlojupekoa eta Apeninoetako etapen ostean, nolabaiteko lasaitasuna itzuli zen atzo Giroko tropelera. Hamabigarren etapa esprintean erabaki zen, espero bezala, eta Visma taldeak Giro honetako bigarren garaipena eskuratu zuen, berriz ere Wout Van Aert handiaren lanari esker.
Sterratoko etapa Van Aert berak eraman zuen joan den igandean, baina atzo ez zen bera izan besoak altxatu zituena, 23 urteko Olav Kooij esprinter gaztea baino. Hori bai, Viadana hirian Kooijek erdietsitako garaipena -iaz lortu zuen Giroko estreinakoa eta atzo bigarrena- neurri handi baten Van Aerten lanari esker izan zen.
Olav Kooij azken zuzenguneraino eskutik eraman zuten Visma taldeko kideek, baina ez zuen etapa garaileak abantailarik ukan Van Aertek erreleboa eman zion arte. Azken zuzengunera iritsi aurretik eskuinerantz bihurgune itxi samarra izan zuen tropelak, eta Visma taldeko flandriarrak ahoko zuloan laga zion bere taldekideari etapa garaipena, bihurgune horretatik abantaila osoarekin atera ahal izan baitzuen.
Nolanahi dela, azkenera arte asko sufritu behar izan zuen Kooijek bere garaipena. Batetik, Tirreno-Adriatico probatik hona garaipenik lortu gabe zegoen mutila, eta ez du konfiantza sobera ekarri Girora. Horrez gain, aurtengo Giroan esprint bat irabaztea lortu duen Casper Van Uden erkideak ere majo estutu zuen Kooij. Van Uden, ordea, ez da bere erkidea bezain bizia, eta esprintak arinagotik jotzen ditu. Ondorioz, azken metroak luzetxo egin zitzaizkion eta han eman zion buelta buruz burukoari Visma taldeko gazteak. A zer lasaitua hartu zuen Olav Kooijek, besoak altxatu ahal izan zituenean!
ISAAC DEL TOROK, BESTE BI SEGUNDO
Giroko sailkapen nagusiari begira, berriz, Isaac del Toro liderrak beste bi segundo pilatu zituen bere alde. Aurtengo Giroak gainsaria jarri du etapa bakoitzean tarteko esprint batean, eta, bigarren postuan amaitu zuenez, txirrindulari mexikar gazteak beste bi segundo sartu zizkien bere atzetik datozenei.
Erromako azken sailkapenari begira, nekez izan beharko luke garrantzirik irabazi horrek, baina, erlojupekoan jasan zuen galeraz geroztik, handik eta hemendik harramazkatu ditu segundo gutxi batzuek bere maglia arrosa sendoagoa izan dadin.

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra
