Pedersenek Van Aert mendean hartu du Vicenzako muinoan
Lidl Trek taldeko daniarrak Giroko laugarren etapa garaipena erdietsi zuen, esprint ito batean. Isaac del Toro liderrak segundo gehiago harramazkatu zituen, etapako hirugarren postua lortuta.

Mads Pedersen etaparen ostean xanpaina astintzen ikustea ohikoa bihurtzen ari da Giro honetan. Lidl Trek taldeko daniarrak laugarren etapa garaipena lortu zuen atzo Vicenzako amaierako muinoan. Wout Van Aertekin buruz buruko ederra jokatu zuen Pedersenek, eta biek ala biek dena eman zuten azken metro horietan. Baina atzo Pedersen nagusitu zen, egunean zehar pasatu zuen momentu txarrari buelta eman eta Giro honetako protagonistetako bat dela erakutsiz.
Beste protagonista nabarmenenetako bat Isaac del Toro liderra da. Vicenzako muinoan hirugarren postuan sailkatu zen 21 urteko mexikarra, eta beste bost segundo sartu zizkion Juan Ayusori, eta pixka bat gehiago sailkapen nagusiari begira borrokan diharduten gainerako aurkariei. Ikusi egin behar, mendirik garaienak iristen direnean Isaac del Toro nola moldatuko den, baina orain arte talentua adina lotsa gutxi duela bistaratu da, lasterketari gatza eta piperra emateko.
Vicenzarako bideko 180 kilometroetan laugarren mailako zenbait muino igo zituzten txirrindulariek, helmugako azken igoeraz gain. Baina inork uste baino gehiago astindu zuen lasterketa Ineos taldeak. Hain zuzen, San Giovanni in Monte laugarren mailako mendatean uste ez bezalako borroka izan zen. Ineos taldeak, batik bat Arensmanen aldetik, erritmoa asko bizitu zuen eta tropela mila puska egin zen. Harrigarriena, ordea, Juan Ayuso une batez 20 segundoko atzerapenez ikustea izan zen. Dela ezinagatik, dela gaizki kokatuta harrapatu zutelako, UAE taldeko txirrindulari katalana ez zen bere taldekide Isaac del Toro liderraren pare aritu, ezta Bahrain taldeko Antonio Tiberi ere. Aldiz, aurreko jardunaldietan baino arretatsuago jokatu zuen Primoz Roglicek. Hala ere, UAEk Ayusorekin izan zuen okerra gaina hartu aurretik konpontzea lortu du, Tiberik ere lortu zuen bezala, Bahraineko taldekideen lanari esker.
Hainbat ihesaldi saiakeraren ostean, Lidl Trek taldeko Mathias Vacek txekiarrak eta Romain Bardet Picnic taldeko beteranoak jo zuten aurrera. Ez ziren etapa bien artean jokatzetik urruti geratu, baina tropelak ez zien aukerarik eman. Azken 600 metroetan harrapatu zituzten, ordurako Pedersenen eta Van Aerten arteko buruz burukoan enfokatuta, Isaac del Toro atezuan zela. Azken zuzengunean Pedersenek jo zuen, eta gurpilera itsatsi zitzaion Van Aert. Azken metroetan flandriarra ahalegindu zen aurkariari gurpila sartzen, baina nahi eta ezin aritu zen Vismako txirrindularia, Pedersen Giro honetako izarrik distiratsuenetakoa izaten ari baita.
Trevisotik Esloveniako Nova Goricara bidean etapa laua izango du gaur Giroak. Gauzak ondo, tropelak esprinterako beste aukera bat izango du. Orduan ere ez da aurreneko tokietatik urruti ibiliko Mads Pedersen bera.

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Un esquiador de Irun, entre los tres fallecidos por un alud en Panticosa
