«Ihes» lemapean, abiatu da Literaturia azoka Zarautzen
Literaturazaleak Zarautzera hurbiltzen ari dira, aurten «Ihes» lemapean ospatzen ari den Literaturia azokara. Postuez gain, «Ihes betea zilegi balitz» emanaldia eta Literattipia izango dira gaur.

Zarauzko Lege Zaharren enparantzan literaturazaleak aurrera-atzera ibili ziren atzo, Literaturia azokak erakarrita. Eguraldi argitsua lagun, lagun ugari hurbildu zen euskal argitaletxeek bertan ezarritako postuetara, azken nobedadeen eta proposamen arrakastatsuenen ehizan.
DBHko ikasleei zuzendutako idazketa tailerrarekin ireki zuten goiza, Oier Guillan idazle eta antzerkilariaren eskutik, eta Zarauzko Garoa liburu-dendari omenaldia egin zioten gero, 1973. urtetik liburuak gomendatuz eta salduz literatura sustatzen egindako lanaren eskertza gisara.
Handik gertu, Modelo aretoan, beste zenbait ekintza ere izan ziren, Ainhoa Etxebeste, Xabier Gantzarain, Xabier Etxeberria eta Garazi Urkola ‘‘Entzuteko liburuak’’ gaiaren bueltan berbetan aritu baitziren eguerdian; arratsaldean Iñigo Astiz eta Eñaut Elorrietak hartu zieten lekukoa “Enplego zoriontsuago bat’’ ikuskizunarekin, eta aretoaren ateak ‘‘Bertso saio espekulatibo’’ batekin itxi zituzten Sustrai Colina, Nerea Ibarzabal, Unai Iturriaga eta Leire Vargas bertsolariek.
Atzo Zarautzera gerturatzerik izan ez zuenak gaur ere izango du aukera. Izan ere, Literaturiak Santa Klara komentuko elizara bidaiatuko du gaur, Arantxa Urretabizkaia, Garbiñe Ubeda eta Olaia Inziarte solasean aditzeko, ‘‘Ihes betea zilegi balitz’’ gaiaren inguruan. Arratsaldean txikienei zuzendutako tartea irekiko da, 16.45ean, Tanttaka teatroaren ‘‘Mundua pitzatuta dago baina hantxe gabiltza oinez’’ antzezlanarekin (4,5 euro). Modelo aretoak hartuko duen saio honekin itxiko ditu ateak Literaturia azokak.

«Basoez hitz egiten dute, baina basoa suntsitzen dute landaketa sartzeko»

«Dirigiremos Venezuela hasta la transición», proclama Trump

Iban Apaolaza presoa hilik aurkitu dute Aiako Harrian

El robo del año no ha tenido lugar en el Louvre, sino en Spotify
