Floyd hil eta bost urtera, arrazakeriaren aurkako borroka moteldu egin da
Bost urte bete ziren joan den igandean Minnesotako (AEB) polizia zuri batek George Floyd hil zuenetik. Black Lives Matter arrazakeriaren aurkako mugimendua bultzatu zuen kasu horrek.

«Ezin dut arnasarik hartu», izan ziren George Floyden azken hitzak. Poliziak hainbat minutu zeramatzan belaunarekin Floyden lepoa estutzen, azken hatsa eman zuen arte. Gertatutakoaren bideo bat ere atera zen argitara. AEBtik kanpora ere zabaldu zen mobilizazio eztandaren suziria izan zen kasu hau. Arrazakeria salatzearekin batera, poliziaren protokoloak eraldatzea eskatzen zuten protestek milioika pertsona batu zituzten mundu osoan. 46 urteko gizon beltza zen Floyd. Eta txiroa. Bi faktore horiek aurka izan zituen. Dendari batek txartel faltsu batekin zigarroak erostea leporatu zion eta Poliziari hots egin zion. Ondoren, atxilotu egin zuten. Lurrean geldirik zegoen bitartean, Derek Chauvin agenteak lepoa estutu zion belaunarekin.
Minutu gutxiren buruan, Poliziaren zaintzapean hildako beste afroamerikar bat izatetik arrazakeriaren aurkako ikur izatera pasatu zen. Chauvini 22 urteko kartzela-zigorra ezarri zioten hilketagatik eta beste 21 Floyden eskubide zibilak urratzeagatik. Chauvin geldiarazteko ezer egin ez zuten hiru lagunak ere zigor txikiagoekin kondenatu zituzten.
Floyden hilketak protesta ugari piztu zuen, beltzen aurkako indarkeria amai zedila eskatuz, «black lives matter» (beltzen bizitzek axola dute) oihukatuz. AEBen eta 60 herrialde baino gehiagotan irten zen kalera jendea.
Covid garaia zen eta, protestek hartu zuten tamaina ikusirik, zenbait hiritan etxeratze agindua ezarri eta Guardia Nazionala mobilizatu zuten, orduan ere presidente zen Donald Trumpen aginduz. Hark ez zuen gehiegikerien eta poliziaren basakeriaren aurkako inolako neurririk hartu.
Protesta orokortuek Black Lives Matter mugimendua bultzatu zuten. 2013an jaio zen, zinpeko zaindari bat absolbitu ondoren, 2012an Floridan Trayvon Martin nerabe beltza tiroz hiltzeagatik, eta hazten jarraitu zuen beste afroamerikar batzuk hil ondoren, Floyd auzia iritsi arte. Horrek arrazakeriari buruzko eztabaida nazionala eragin zuen.
ARRAZA-ZEINU ARGIA DUEN POLIZIA-INDARKERIA
Hilketa jazo eta bost urtera ez da aldaketa garrantzitsurik lortu, eta Poliziaren zaintzapeko heriotzak oraindik ere gertatzen dira. Zuriek baino 2,8 aldiz aukera gehiago dituzte beltzek zaintzapean hiltzeko.
Protesten ondoren, leku batzuetan Poliziaren aurrekontua murriztu egin zen, itotzeko giltzak erabiltzea debekatu zen, agenteak diskriminazioaren inguruan hezi zituzten, susmagarri batekin konfrontazioan nola jokatu jakiteko jarraibideak berridatzi ziren eta gorputz-kameren erabilera martxan jarri zen.
Black Lives Matterrek komunitate beltzaren aurkako bidegabekeriengan fokua jarri zuen arren, Trump Etxe Zurira itzultzeak arazoa ikusarazteko mugimenduaren ahaleginak murriztu dituela dirudi.
Trumpen Gobernuaren Justizia Sailak ez ditu onartu Joe Bidenen presidentetzapean egin ziren polizien aurkako salaketak, eta talde horien erreformarako beste akordio batzuk alde batera utzi ditu.
«Justiziak ikerketak ixtea erabaki izana eskubide zibilen aurkako traizio arriskutsua da. Kontuak emateari bizkarra ematen ari zaio, eta adierazten du poliziak ez direla erantzule izango jokabide txarragatik, abusu proba argiak daudenean ere», gogorarazi du Latino Justice eskubide zibilen aldeko erakundeak.

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Pradales rubricó el PGOU por el que se imputa a la exalcaldesa de Zaldibar

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes
